Dozena bat hileta zibil egin dituzte azken bost urteotan Gladys Enean
Donostiako Udalak duela bost urte ireki zuen Gladys Enea parkeko Mandasko Dukeen jauregiaren ondoko eraikinean, inkako sukalde zaharrean, hileta zibilak egiteko aukera. Ordutik, Juantxo Marrero Ekologia zinegotziak jakinarazi duenez, “dozena bat hileta zibil baino gehiago” egin dira han, “eta eskatu dutenek balorazio positiboa egin dute”. “Herritarrek agian gutxi ezagutzen duten alternatiba bat da, doan eta ingurune natural batean donostiarren eskura dagoena”, gehitu du zinegotziak.
Halaber, zerbitzuaren baliabideak nabarmendu ditu Marrerok: “Azkenaldian, ikus-entzunezko sistemak hobetu ditu, herritarrek modalitate hori aukeratzeko orduan duten eskaerari erantzuteko, maite dituzten pertsonak agurtzeko. Zuzeneko musika ere eskain daiteke bideoekin edo argazki proiekzioekin. Atrilak, astoa eta beste altzari batzuk ere jarri dira”.
Bertan hileta zibilak egiteko, espazioa erreserbatu behar da, 010 telefonora deituta, telematikoki Udalinforen egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Udalinforen bulegoetan. Aretoak gehienez 55 lagunentzako lekua du eserita edo 73 lagunentzako zutik, eta 73 metro koadroko azalera du. Hileta zibilen ordutegia 18:00etatik 20:00etara da, astelehenetik larunbatera, eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat edo beharrezko materiala garraiatzeko baimena eskatu ahal izango da.
2019ko maiatzetik egin daitezke hileta zibilak aipaturiko gunean, eta, hain zuzen ere, urte horretako uztailean egin zuten bertako lehenengo edo lehenengoetariko hileta zibila, Mariano Ferrer kazetari donostiar maitatuarena.