Fisioterapeutek jardunaldiak antolatu dituzte asteburuan Donostian
Ostiralerako eta larunbaterako programatu dituzte solasaldiak eta tailerrak, eta jardunaldiak ZIUn lan egitea duen garrantzia mahai gaineratzea du xede.
Euskadiko Fisioterapeuta Elkargo Ofizialeko (EFEO) kideek Fisioterapiaren II. jardunaldiak antolatu dituzte asteburu honetan, Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien fakultateko Fisioterapia Sailarekin batera, ZIUn lan egitearen garrantziaz aritzeko eta gaia gizarteratzeko helburuarekin. Solasaldiak eta tailerrak antolatu dituzte ostiralean eta larunbatean, eta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Campusean egingo dira. Jada, sarrerak amaituta daude, baina elkartetik itxaron zerrendan izena emateko helarazi dute.
Jardunaldiaren helburua da fisioterapeutak zer nolako zeregina duen paziente kritikoak luzaroan immobilizatu ondoren sor daitezkeen arnasketa arazoak, arazo muskulu eskeletikoak eta kognitiboak tratatzeko orduan. Ohar baten bitartez azaldu dutenez, nazioko eta nazioarteko 200 fisioterapeuta, mediku intentsibo, pneumologo eta erizain inguru bertaratuko dira, eta hizlari nagusia, Federico Gordo mediku intentsiboa izango da, ZIUn fisioterapiak eta errehabilitazio goiztiarrak duten eragin onuragarriari buruzko aditu garrantzitsuena. Halaber, Dani Martin profesionalak —Bartzelonako Ospitale Klinikoko errehabilitazio zerbitzuko koordinatzailea eta paziente kritikoetan aditua— ere parte hartuko du jardunaldian.
Gainera, nabarmendu dute ikerketa zientifikoek erakutsi dutela fisioterapiak “funtzionaltasuna eta ondorioak hobetzen” dituela, eta ZIUn garatutako ahultasunaren eragina murrizten duela. Horregatik, fisioterapeuten presentzia murriztua izanik, Fisioterapeuten Elkargoak haien presentzia “naturala, jarraitua eta asistentzia zerbitzuetan erabat integratua” izatea aldarrikatzen du.