Herritarren Foroa antolatu dute Bidebietan, udaleko bost alderdien eta hainbat herri eragileren parte hartzearekin
Bidebietako Bideak auzo elkarteak I. Herritarren Foroa antolatu du ostiral honetarako (hilak 24), 18:00etan, Kontadores Gazte Zentroan. Auzo elkarteak azaldu duenez, “auzo eta sektore elkarteen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren arteko elkarrizketa zuzenerako aukerak sortzeko helburuarekin” antolatu dute egitasmoa. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da, aretoko edukiera bete arte.
Donostiako Udaleko bost alderdi politikoetako ordezkariek hartuko dute parte foroan: EAJko Jon Insaustik (Euskara, Kultura eta Turismo zinegotzia), PSE-EEko Juan Marrerok (Ekologia eta Hiri Proiektuetako zinegotzia), EH Bilduko Garbiñe Alkizak, PPko Borja Corominasek eta Elkarrekin Donostiako Victor Lasak, hain zuzen ere.
Era berean, hainbat herri eragiletako ordezkariek ere parte hartuko dute: Ana Coedo Altzako Elkarte Berri eta Emakumeen Elkarteko presidenteak, Jon Tamayo Bideak auzo elkarteko presidenteak —berak moderatuko du foroa—, Laida Etxeberria Mugi-tu Auzoak plataformako bozeramaileak, Eugenio Rojo Oletarrak elkarteko presidenteak, Groseko Auzoa Eginez elkarteko Manu Gonzalezek —hasieran, Julen Bengoetxea zen parte hartzekoa Auzoa Eginezetik, baina ordezkaria aldatu dute— eta Javier Nadal teknikari juridikoak. Odon Elorza Donostiako alkate ohia ere parte hartzekoa zen, baina Bideak elkarteak azaldu duenez, “azken orduko agenda arazoak direla eta”, ezingo du parte hartu.