Hiri eredu «bizigarri» baten aldeko manifestazioa egingo dute maiatzaren 26an
Donostia Defendatuz koordinakundeak protestaren inguruko xehetasunak eman ditu udaletxearen aurrean egindako agerraldian.
Igandean, hilaren 26an, manifestatzera deitu du Donostia Defendatuz koordinakundeak. Donostia ez dago salgai! Hiri eredu bizigarri baten alde lelopean, Easo plazatik abiatuko da martxa 12:00etan. Hainbat auzo elkartek eta talde sozialek osaturiko plataformak agerraldia egin du Ijentea kalean, udaletxearen aurrean.
“Herritar guztiei mobilizazio honetan parte har dezaten dei egin nahi diegu. Hain zuzen ere, Donostia merkatuko indarren nahierara salgai jartzen duen udal hirigintza politika errefusatzeko, eta, aldi berean, hiri eredua bereziki klase herrikoiei begira, ingurune ekologikoaren berreskurapenari begira, eta auzoen beharrei begira eraldatu beharra dagoela aldarrikatzeko”, azaldu du koordinakundeak.
Deialdiarekin bat egin duten 42 talde sozial eta auzo elkarteek adostu duten manifestuak hainbat arazo nabarmentzen ditu: “Etxebizitza arazoaren larrialdia, gehiegizko ustiapen turistikoa eta hirigintza polita erasokorrak”. Donostia Defendatuzen ustez, jarduera horiek guztiak “modu sistematikoan interes ekonomiko handiei mesede egiten dieten udal politiken” ondorio dira. “Hau da, botere publikoek biztanleentzako hiri batean pentsatzeari utzi egin diote, eta interes ekonomiko pribatuak baino ez dituzte bideratzen. Donostian negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari da horrela, bizitzeko hiri baten ordez”, deitoratu dute.