Hiriko bisita turistiko gidatuen taldeak 25 pertsonara mugatzeko araudia onartu du udalak
Gainera, ez da baimenik beharko bide publikoan bisita gidatu bat egiteko, beti ere, aldez aurretik jakinarazten bada.
Donostiako Udalak bisita turistiko gidatuen araudia Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea onartu du, martxoan aurreratu zuen moduan. Horren arabera, ez da baimenik beharko bide publikoan bisita gidatu bat egiteko, beti ere, aldez aurretik jakinarazten bada. Komunikazio hori aurkezteko beharrezkoak diren formularioa eta baldintzak onartu dituzte. Horrez gain, bisita gidatuetan gehienez 25 lagunek parte hartu ahal izango dute.
Hemendik aurrera, turismo gidarien enpresa guztiek Erantzukizunpeko Adierazpen bat egin beharko dute —online modu errazean egin ahal izango da, ziurtagiri digitalaren bidez—. Adierazpen horretan, enpresak edo gidak konpromisoa hartzen du jarduera egiteko baldintza batzuk betetzeko; besteak beste, 25 pertsonatik gorako taldeak ez gidatzeko konpromisoa.
“Udalari dagokio hiriko bizi kalitatea eta bizikidetza bermatzea, eta neurri hau horretarako da. Honi esker, lehen aldiz bide publikoan gertatzen diren mugimenduei buruzko datuak izango ditugu, eta, horrela, gai horri buruzko erabaki gehiago eta hobeak hartu ahal izango ditugu”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Aipaturiko datuei esker, informazio gehiago jaso ahal izango dutela gaineratu du alkateak: “Kakingo dugu zenbat gidari dauden, nondik datozen, bertakoak edo atzerritarrak diren, nola jarduten duten… Lehenengo abiapuntua da, eta udaren eta urtearen amaieran, hartutako neurriari buruzko balorazioa egingo da”.