Fededunek kaiko Portaletan gurtu ahalko dute Santa Ritaren eta Santa Quiteriaren irudia
Goizeko lehen orduan jarri dute Santa Ritaren eta Santa Quiteriaren irudia, kaiko Portaletan, loreekin batera, fededunek gurtu dezaten. Halaber, arratsaldearen bukaeran, 19:30ean, Santa Maria Basilikako parrokoak, Edorta Kortadik, omenaldi xume bat egingo dio tailuaren irudiari. Ekitaldia Ozenki Otxoteak alaituko du.
Urte batzuetako geldialdiaren ondoren, erlijio irudi baten horma tradizionala jarri dute gaurkoan; izan ere, irudi honek Santa Rita eta Santa Quiteria irudikatzen ditu, eta donostiar fededunek aukera izango dute Donostiako kaian irudia gurtzeko, “ohitura berreskuratuz”. Euskal Billera Elkarteak ohar baten bitartez adierazi duenez, “galdutako marinel tradizioa berreskuratu nahian antolatu dugu omenaldia, aspaldian gurtu nahian zebiltzanentzat”
Tailua Urretabizkaia familiarena da, eta honen jatorria ez da zehatza, “nahiz eta teoria guztiek itsasoan arrantzale bat salbatzearekin lotzen duten”. Dirudienez, lehorrera ekarri zuten tailua, Itsas Atearen ondoan —Portaletan ondoko harresi atean, kairako sarbidea zenean—jarriz, “tradizioak dioenez, itsas gizonak babesten dituena”.