Gambia eta Gros, Ismailak gorpuztu dituen bi errealitate
Ismaila Bojang gambiarrak hitzaldi bat eskaini zien atzo bere auzokideei, Groseko Hondarpe Auzo Elkartean. Pare bat orduz aritu ziren Gambiaren inguruan hizketan; izan ere, Ismailak sei urteren ostean Gambiara itzultzeko aukera izan zuen eta bueltan izan denean bere azaletik bizi izan duena partekatu nahi izan du. “Niretzat bizitzak elkarbanatzeko dira, bakarrik ezin dugu aurrera egin”, nabarmendu zuen emozioz.
19:00etan elkartu ziren auzotarrak Nafarroa Beherea plazan dagoen elkartean. Hondarpek indarrez heldu dio urteari eta Udaberri gorriak deituriko programa aurrera atera du. Proiektu autogestionatu honen bitartez, auzotarrek “lurrak astindu” nahi izan dituzte, indarrez saretuz auzoa. Horretarako, beharrezkoa ikusi zuten bizilagunek parte hartzea programan eta Ismailak gogo handiz eskaini zituen bere jakinduria eta ibilbidearen esperientzia.
Haizea Solagurenbeaskoak eta Aratz Estombak, Hondarpe Auzo Elkarteko kideek, ongi etorri goxoa eman zieten pozez eta konfiantzaz bertaratu zirenei. “Hauek auzokideak dira, ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar”, pentsatuko luke edonork gela txiki horretan.
Orduan hasi zen gambiarra bere bizipenak kontatzen, eta berak esan zuen moduan, bere “azaletik” Gambiako egunerokoa kontatzera zetorren, historia eta Gambiako Errepublikak pairatu dituen diktaduraren historia Interneten baitaude. Bere azken urteotako ibilbidea azaltzeko, bere bihotza bere herrialdean zegoela azaldu zuen, eta, aldi berean, bera hemen egotea bere etxea baino, bere “bizitzaren xedea edo helmuga” zela adierazi zuen. Biak maite dituela, eta Gambian egon zenean, Euskal Herria eta Gros faltan botatzen zituela azaldu zuen, bi lurraldeek oparitzen dizkioten momentuak eta aukerak nabarmenduz.
Gainera, Afrika ez dela herrialde eta kultura bakar bat mahaigaineratu zuen. Herrialde asko direla eta aniztasun handikoa dela Afrikako kontinentea azaldu zuen; izan ere, askok “Afrikara zoaz” edo “Afrika horrela da” esaten diote, bakarra izango balitz bezala. Auzotarrek, parean eserita, baiezkoa adierazten zuten buruaren mugimenduarekin, zintzotasunez eta errespetuz bere kidea entzuten zuten bitartean.
Urduritasunak Ismailaren gorputzean behera egiten zuen heinean, Gambiaren errealitateak gora egiten zuen Hondarpen: “Senegal aho bat izango balitz, Gambia aho horren mingaina izango litzateke”. Gambiak mendebaldean Ozeano Atlantikoa du, iparraldean, ekialdean eta hegoaldean Senegal dagoelarik, herrialde txiki hau inguratuz. Halaber, ingelesa hizkuntza ofiziala da, baina 34 urteko gambiarrak ez du horrela gorpuzten, bere hizkuntzak eman diolako nortasuna eta indar politikoa. Mandinga da bere hizkuntza. Ismaila AEKn euskaraz ikasten ari da, eta egun, bere auzokideak euskaraz mintzatzen dira berarekin.
Ingelesa hizkuntza ofiziala da, baina bere herrialdekoa den mandinga hizkuntzak eman dio “benetako nortasuna eta indar politikoa”
22 urtez egon da diktadura Gambian. “Isiltzen banaiz, diktaduraren alde egingo dut”, zioen haserretik berak. Argentinan gizon batek hil berri dituen hiru lesbianak adibide jarriz, Gambiako diktadurak homosexualak erail egiten zituela azaldu zuen. Egun, legez, ezin dute LGTBI+ kolektiboko inor erail, baina “kolektiboko inor ez da ikusten kaleetan, nahiz eta egongo diren, ez da publiko egiten. Oraindik jarraitzen du diktadurak gure inguruan”.
Halaber, Ismailak arrazakeria lehenengo aldiz pairatu zuen Europara iritsi zenean. Orduan bizi izan zuen bere azalean arrazaren eta azalaren kolorearen hierarkia. Gainera, Europan dagoen indibidualtasunaz eta kapitalismoaz aritu zen, bai bera eta baita bizilagunak ere. “Gambian norbait ezkontzen denean ez da gonbidapenik bidaltzen”, mahaigaineratu zuen; izan ere, bertan denak dira auzokoak edo herrikoak eta denak joaten dira ekitaldi sozialetara. Berdina gertatzen da hiru hilabetez euria iristen denean, norbaitek laguntza behar izatekotan bizilagunak haien eskuzabaltasun naturalez eta kulturalez egunero laguntzen dutelako. “Sozialismoa horrela bizi dugu guk”, azaldu zuen berak.
Nekazaritza eta abeltzaintza dira sektore nagusienak Gambiako Errepublikan. Egun, polemika handia sortu da arrainaren prezioa garestitu egin delako; izan ere, arrantzaleen negozio nagusiena Txinako enpresari batena da, eta honek, Txinaraino garraiatzen du arraina —eta garraiatu ezin dituen arrainak itsasertzera bota ditu— bertako txerriei jana emateko. Ondorioz, Gambiako arrantzaleek “gasolina kantitate berdinarekin, barrurago bidaiatu behar dute”.
Azkenean, Groseko bizilagun guztiak ondorio berdinarekin irten ziren lokaletik. Komunitarioa da bidea, ez gara irla isolatuak eta Ismaila Bojang gambiarrak gaineratu zuen moduan, “borrokan jarraituko dugu migrazio prozesuak hobetu arte, munduan mugitzea denon eskubidea delako, eta ardura kolektiboa delako ondokoari erreparatzea”.