'Baso eskola eta hezkuntza ekosoziala' jardunaldia antolatu dute asteartean
Baso eskola eta hezkuntza ekosoziala jardunaldia antolatu dute, Aire Zabaleko Hezkuntza Trantsizio sozio-ekologikorako hezkuntza agenda aztertzea helburua duena. Asteartean izango da jardunaldia, 11:00etan, Carlos Santamaria zentroko Antonio Beristain Areto nagusian.
Proiektuaren ikerlari nagusia Larraitz Altuna Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultateko irakaslea izan da, eta departamentu bereko Jon Diaz irakasleak nabarmendu du, ohar baten bidez, jardunaldi hau iaz abiatu zuten ikerketaren emaitzetako bat dela. Hala, aurreko ikasturtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak zabaldu zituen diru laguntzak bideratu duela egitasmo hau jakinarazi du.
Hiru ardatz nagusitan banatu dituzte jardunaldiak: batetik Erresuma Batutik, Bath Spa Universityko irakaslea den Mel McCree irakasleak Baso-eskola: ikasbideak Erresuma Batuko esperientziatik hitzaldia eskainiko du. Jarraian, Carlos Gomez Chuliak, FUHEM fundazioaren Hezkuntza Ekosozialeko koordinatzaileak saio berezi bat burutuko du —ikuspegi ekosozialarekin ikas egoerak diseinatuz— unitate didaktikoen programaziora bideratua. Eta azkenik, Gipuzkoako hiru eskoletako —Zaldibiako Lardizabal Eskola, Alkizako Herri Eskola eta Aizarnazabaleko Basakaitz Eskola— zuzendariek bideratu dituzten esperientzien inguruan mahai borobil bat osatuko da. Azken saio hau Maialen Sistiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak bideratuko duela jakinarazi dute antolatzaileek.
Jardunaldian aurrez aurre zein online modura parte hartzeko izen ematea beharrezkoa da.