Gaueko lasterketa egingo dute larunbatean
Lasterketa Gros eta Erdialdetik igaroko da, eta trafiko aldaketak eragingo ditu.
Ilunabarrarekin batera, oinkada luzeak ematen hasiko dira donostiarrak larunbatean. NightRun lehiaketaren gau lasterketa Donostian egingo dute aurrenekoz, gauez ere Donostiako kaleetaz gozatu eta ordu horiek eskaintzen duten lasaitasunarekin arineketan aritzeko. Lasterketak hiru modalitate ditu: Milia berdea (arina), 5 km-koa eta 10 km-koa. Ibilbide horretan, halaber, animazio ugari jartzen dute, korrikalariak eta zaletuak animatzeko.
Gaueko lasterketa zirkuiturik handiena da NightRun Series, eta hiru helduleku izaten ditu kirol ekitaldiak: inklusioa, jasangarritasuna eta elkartasuna. Urte bakoitzean sei hiritan egiten dituzte lasterketok eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin jartzen dira harremanetan hiri bakoitzean. Aurreko edizioetan, Kanaria uharteetan egin izan dituzte Las Palmas eta Santa Cruz Tenerifekoan, baina baita Mallorcan, Zaragozan eta Santanderren ere. Iaz, 13.000 korrikalari baino gehiago bildu ziren, eta antolatzaileek 20.000 atleta biltzea dute helburu aurten.
Aldaketak autobusen sarean
Gau lasterketak hiriko hainbat kale eta etorbideren itxiera eragingo dituenez, Dbusek aldaketak iragarri ditu 20:00ak eta 23:30ak bitarte. 13- Altza, 14-Bidebieta, 29-Hego Intxaurrondo eta 31- Intxaurrondo-ospitaleak-Altza lineek aldaketak izango dituzte Erdialdera joateko: Jesuitak, Mariaren Bihotza, Kursaal eta Bulebar geltokiak zerbitzurik gabe egongo dira eta Ategorrieta 41era (Jaialai), Galtzada Nagusira eta Kolon pasealekura lekualdatuko dira.
24- Altza-Gros-Antiguo- Intxaurrondo linearen kasuan ere, aldaketak egingo dituzte erdialderantz joateko, Jesuitak, eta Mariaren Bihotza kendu, eta Ategorrieta 41era (Jaialai), Galtzada Nagusira lekualdatuko baitira geltoki horiek.
37- Rodil-Zorroagaren kasuan, berriz, Mariaren Bihotza eta Kursaal geltokiak zerbitzurik gabe gelditu eta Groseko Anbulatoriora eta Kolon pasealekura lekualdatuko dituzte.