Matia fundazioko langileek soldata duinak aldarrikatu dituzte
Matia fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzarmena berritzeko negoziaketen blokeoa salatzeko. Negoziazioak ez du ez aurrera ez atzera egiten; hori dela eta, mobilizazioekin hasi dira Gipuzkoako Matia Fundazioko zentroarteko langile batzordeak deituta.
Langileek ohar bidez salatu dutenez, hitzarmena berritzeko negoziazioak aurten hasi dira, baina enpresak soldatak “izoztu” nahi ditu, eta aitzakiak jartzen ari da langileen arabera: “Dio Osasun Sailak ez duela lortutako akordio ekonomikoa betetzen eta aldundiak ordaintzen dituen tarifak ez direla nahikoak”.
Langileek, ordea, onartezintzat jo dituzte enpresak jarritako muga horiek, are gehiago, kontuan izanda 1.300 langile dituen fundazioa “oparoaldi betean” dagoela: “Bere ondarea handitzen jarraitzen du zentro berriak irekiz: zentro berriak ireki dituzte Egurtzegin (Usurbilen) eta Lugaritzen”.
Hala, enpresaren zuzendaritzak emandako argudioak baztertu eta jarrera arduragabeei eteteko eskatu diote Matiako buruei; alegia, KPIaren bermea eta gainerako aldarrikapenak onar ditzatela. Izan ere, jarrera aldatu ezean eta langileek euren aldarrikapen eta protestekin jarraituko dutela iragarri dute.