Parte Zaharreko Arrisku Planarekin kritiko agertu da auzo elkartea
"Udal gobernua arazoei aurre egiten ari dela erakutsi nahian dabil, baina ez da sinesgarria ostalaritzako presio lobbyari men egiten dion bitartean", deitoratu dute.
Donostiako Udalak maiatzaren 14an aurkeztu zuen Parte Zaharreko Arrisku Plana. Azken hilabeteotan, auzoan ugaritu diren suteek eragindako kezkari erantzuteko garatu dute. Astebete beranduago, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak planaren inguruko irakurketa kritikoa plazaratu du. Izan ere, aipaturiko protokoloa aurrera eramateko auzo elkartea aintzat hartu ez dutela deitoratu dute.
“Argitaratutakoaren arabera, udalak plana egiteko bizilagunen komunitateekin, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin eta merkatariekin, eta Hirigintza eta Osasun Sailekin, suhiltzaileekin eta Udaltzaingoarekin, baita Iberdrolarekin eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin ere egin du lan. Ez dakigu zer bizilagun komunitatek parte hartu duten; lehenengo berria da. Badakigu, hori bai, udalak ez duela Parte Zaharrean Bizi elkartearekin kontatu, nahiz eta proposamenak egiteko interesa adierazi”, azaldu dute.
Hori bai, prentsaren aurrean aurkeztu baino egun bat lehenago, lau lerroko mezu elektroniko labur bat jaso zutela gaineratu dute: “Bertan, Donostiako Udalak jakinarazi zuen pertsonen osasunaren aurkako arriskuak prebenitzeko plan bat diseinatzea eta aktibatzea erabaki zuela. Ez zegoen biltzeko deialdirik, eta hurrengo egunean, lan dokumentua zena egindako plana bihurtu zen”.
Ordenantza propioa
Azken sutearen ondoren, Parte Zaharrean Bizik suteak prebenitzeko ordenantza edo araudi bat egitea eta indarrean jartzea eskatu zuen. “Ordea, aurkeztutako prebentzio planean, dagoeneko indarrean dagoena gogorarazteko orriak eskaintzen dira. Ikuskapenei dagokienez, ez da ezer esaten nork egingo dituen. Gainera, zehapen araubideari buruz ez da ezer adierazten”, adierazi dute.
Laburbilduta, auzo elkartea ez dago batere konforme udalak aurkezturiko planarekin: “Faltsukeria, parte hartze eza, eskakizun berririk eza, kontroletan eta salaketen ebazpenean arretarik eza islatzen du. Udal gobernua arazoei aurre egiten ari dela erakutsi nahian dabil, baina ez da sinesgarria ostalaritzako presio lobbyari men egiten dion bitartean”.