Hizkuntza eskubideekiko «desafekzioa» salatzeko protesta egin dute goizean Uliazpiko langileek
Uliazpiko Zerbitzu Nagusien sarreran egin dute elkarretaratzea goizean Uliazpiko langileek eta hainbat eragilek, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Elkarretaratzearen bitartez, enpresa batzordearen gehiengoak egungo egoera “erabat arbuiatzen” duela adierazi dute, Espainiako Auzitegi Gorenak ez duelako tramitera onartu Uliazpi Fundazioko lan deialdiaren aurkako sententzia euskarafoboari Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako kasazio helegitea.
Imanol Simon ELA sindikatuko ordezkariak salatu egin du egoera honen aurrean “herritarren eskubideak alde batera” uzten dituztela eta erabiltzaileen baldintzak kaltetu egiten dituztela; izan ere, “gure erabiltzaileen gehiengoa euskalduna da, eta haien egunerokoa elkarbanatzen duten espazioan euskaraz, haien hizkuntzan, egin ahal izatea benetan garrantzitsua da”.
LAB sindikatuko Jon Txaskok “kezka handiarekin” daudela azaldu du, langileek ezin dutelako jakin zer gertatuko den haien plazekin. “Euskal administrazioaren euskararen normalizazioari buruzko araudiak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea ahalbidetuko zigula uste genuen, baina ezetz ikusten dugu; izan ere, aldaketa honek bigarren kategoria batean utzi du euskara”, azaldu du Txaskok elkarretaratzearen amaieran.
Bide judiziala irekita
Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea Manex Mantxola eta Gipuzkoako Aldundiko Gobernantza diputatua Irune Berasaluze bertan egon dira, baita ere. Berasaluzeren hitzetan, erabaki honek gure herritarren hizkuntza eskubideak “urratu” egiten ditu, eta mahai gaineratu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak duen eskubidea funtzio publikoa antolatzeko eta bere lan eskaintza publikoak nola izan behar duten erabakitzeko.
Halaber, Gobernantza diputatuak bide judiziala ez dagoela agortuta gaineratu du; izan ere, nahiz eta Auzitegi Gorenean bidea agortuta dagoen, EAEko Auzitegi Goreneko bidea irekita dago eta ebazpenaren “zain” daudela azpimarratu du. Gainera, epaileen interpretazioa aldatu egin dela ohartarazi du: “Galizian eta Katalunian epaileak ez dira kontu hauetan sartzen, hemen gertatzen ari den moduan, eta hau atzera pausoa da euskararen ezagutza murriztuz erabiltzaileen hizkuntza eskubidea urratu egiten delako”.
Uliazpi Fundazioaren xedea, “egungo langileen ezagutza tasa normalizaziora gerturatzea eta erabiltzaileen eskubideak bermatzea” da, eta Euskalgintzaren Kontseiluak, orduan, ohar baten bitartez argi utzi zuen pasa den astean sententzia honek “milaka herritarren hizkuntza eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzago lana eta herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora” jartzen dituela.
Azkenik, LAB sindikatuko kideak egungo araudiak ez diola “ibilbide bat eskaintzen” hizkuntza normalizazioari azaldu du, eta, beraz, “gure hizkuntza eskubideak bermatuko dituen araudi bat eskatzen diegu botere publikoei, eta herritarrak euskararen normalizazioaren aurkako ofentsiba judizialaren aurka mobilizatzera” animatzen dituzte.