«Harrituta eta kezkatuta gaude alkateak egindako salaketekin»
Kaleratzeak Stop taldeak jarritako helegite "bakarraren" arrazoiak azaldu ditu Rosa Garcia bozeramaileak, udaletxearen aurrean egindako agerraldian.
Hautsak harrotu ditu Kaleratzeak Stop taldeak Ibaetako Izadi Enea etxebizitza proiektuari jarritako helegiteak. Eneko Goia alkateak “oso larritzat” jo zuen asteartean, eta plataformako bozeramaile Rosa Garciaren jokabide “kontraesankorra” kritikatu zuen. Hiru egun beranduago, Garciak berak Kaleratzeak Stop-ekin batera, alkatearen salaketari erantzuteko agerraldia egin du udaletxearen aurrean.
“Errekurtso honekin ez dugu oztopatu nahi Ibaetan aurreikusitako babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza, kontrakoa baizik. Helburua da horiek handitzea, legeak ahalbidetzen duen zerbait, Donostian dagoen bizitegi larrialdia dela eta”, azaldu du Garciak. Izan ere, El Diario Vasco egunkariaren egoitza zaharraren lursailean 252 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du Amenabar enpresak, eta horietatik %40 izango dira babesturiko etxebizitzak.
Horrekin batera, nabarmendu du Kaleratzeak Stop-ek ez duela zerikusirik Illarrako etxebizitzen kontra aurkezturiko helegitearekin: “Errekurtso hori duela bi urte aurkeztu zuen Lugaritzeko Auzo Elkarteak, aurreikusitako %50 baino babes ofizialeko etxe gehiago izatea eskatzeko, legeak gutxienez %75 markatzen duelako, eta lurzoru urbanizagarria delako”.
Goiak asteartean egindako salaketekin “harrituta eta kezkatuta” daudela esan du Garciak, “ez dugulako makilarik jarri udal honen gurpiletan”. Plataformaren borroka bestelakoa dela gogoratu du: “Bankuen, inbertsio funtsen eta edukitzaile handien aurka borrokatzen dugu, gure hirian etxebizitzarekin espekulatzen ari baitira”.
Plataformaren ardatzak
Azken bi urteotan” etxebizitza duin eskuragarria” eskuratzeko eta “familia kaltetuen etxegabetzeen” aurkako defentsa aldarrikatzen aritu direla nabarmendu du Garciak. Horretarako, landu dituzten ardatzak zerrendatu ditu: “Lehenik, alokairuaren prezio espekulatiboak mugatzea. Bigarrenik, etxebizitza hutsak mobilizatzea. Eta hirugarrenik, EAEko lurzoruari buruzko legeak arautzen duen etxebizitza sustapenetan babes ofizialeko etxebizitzetarako gutxieneko lurzoru erreserbaren ehunekoa handitzea —%40 hiri lurzoruaren kasuan eta %75 lurzoru urbanizagarriaren kasuan—, herritarren etxebizitza preiek hala eskatzen dutenean”.
Aipaturiko “bidezko arrazoi” horiengatik aurkeztu du plataformak errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian. “Jakin badakigu, beste sustapen batzuetan gertatzen den moduan, ‘El Diario Vasco’-k eta Amenabar sustatzaileak onura handiak izango dituztela. Alde batetik, kokatzen diren zonako merkatu libreko salmenta prezioengatik eta udal honek hasieran aurreikusi gabeko babes ofizialeko etxebizitzen %40ko gutxieneko erreserba konpentsatzeko ahalbidetu duen eraikigarritasunaren gehikuntzagatik”, azaldu du Garciak.
Babes ofizialeko etxebizitzen gutxienekoa handitzearekin batera, plataformak eskatu du alokairu sozialeko etxebizitza babestu gehiago jartzea horrelako sustapenetan, “donostiarren beharrei erantzuteko”.