Realak egindako denboraldi ona borobildu nahi du zaleen aurrean
Txuri-urdinek ligako azken partida jokatuko dute Atletico Madrilen kontra Anoetan, bihar, 16:15ean.
Seigarren postua ziurtatuta, Realeko mutilek liga behar bezala bukatzeko asmoa dute. Atletico Madril hartuko dute bihar Anoetan, 16:15ean. Bi taldeek ez dute ezer jokoan, edo agian bai. Txuri-urdinek egindako denboraldi ona borobiltzeko aukera paregabea dute. Batez ere, aurrez aurre izango duten arerioarengatik. Bosgarrenez Europarako sailkatu izana historikoa izan da klubarentzat, eta ez da horren erraz ahaztu behar sasoi honetan lorturikoa. Espainiako Kopako finalerdietara iritsi zen taldea, eta Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara.
Aldiz, neskek Espainiako Kopako finala galdu izanaren zapore mingotsa kendu nahi izango dute. Bartzelonaren zortzi gol jasota, txapeldunordeek ligako hiru partida dituzte irribarrea berreskuratzeko. Etzi, Real Madrilen aurka ariko dira Zubietan (16:30), eta Natalia Arroyoren aroari bukaera emateko garaipenak bata bestearen atzetik zenbatu nahiko dituzte.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek etxeko faktorea baliatu nahiko du ACB Ligara igotzeko final-laurdenetako hirugarren eta laugarren partidetan. Gaur iluntzean jokatuko dute Illunben hirugarren norgehiagoka Tizona Burgosen aurka (20:30), kanporaketa bideratzeko edo zailtzeko balioko duena. Berdinduta daude garaipen banarekin, eta etxeko bi partidak irabazita, donostiarrek aurrera egingo lukete.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 38. jardunaldia
- Reala — Atletico Madril (bihar, maiatzak 25, 16:15)
Emakumezkoen liga, 28. jardunaldia
- Reala — Real Madril (etzi, maiatzak 26, 16:30)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, final-laurdenak
- 3. partida: Gipuzkoa Basket – Tizona Burgos (gaur, maiatzak 24, 20:30)
- 4. partida: Gipuzkoa Basket – Tizona Burgos (etzi, maiatzak 26, 18:00)