Bisita birtuala Viktoria Eugeniako barrunbeak ezagutzeko
Viktoria Eugenia antzokiko barrunbeak agerian geratu dira bisita birtual berriarekin, eta munduko edozein lekutatik ezagutu ahal izango da webgunean eskuragarri dauden hiru bisita birtualen bidez: ondarearen bisita, bisita teknikoa eta alokairuko bisita. Halaber, antzokiaren areto bat alokatu nahi dutenei zuzendutako bisita birtuala, baita ere, ikusgai dago, eta salmenta plataforman eserleku bakoitzaren ikuspegia zein den ikusi ahal izango da sarrerak erosi aurretik.
Elkarlanean aritu dira Viktoria Eugenia Antzokia, Donostiako Udala eta Emovere enpresa —digitalizazio interaktiboan aditua— proiektu hau aurkezteko. Esperientzia digital honek “bereizmen handiko argazkiak” dituela nabarmendu dute proiektuaren deskribapenean, eta Tacktil softwarearekin integratuta “zoom zehatzak eta ikuspegi paregabeak” eskaintzen ditu gaurkotasun handiko proiektu honek. Era berean, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez eskuragarri dago proiektua, eta edozein gailutatik eskura daiteke.
Gainera, esperientzia berezi hau “publiko guztiari” zuzendua dago; izan ere, artistak, enpresak eta publikoa bera kontuan hartzen ditu: alde batetik, ondarearen bisita, publiko orokorrarentzat diseinatu da, eta antzokiaren artelanak eta dekorazioa aurkezten ditu. Beste aldetik, bisita teknikoa antzerki konpainia eta artistentzat pentsatuta dago, antzokiaren instalazio teknikoen ikuspegi zehatza eskaintzen du eta —agertokia, backstagea, kamerinoak eta tresna pisutsuak kargatzeko igogailua—. Azkenik, alokairurako bisita ekitaldietarako antzokiko espazioak alokatu nahi dituzten enpresa eta partikularrei zuzendua dago.