Belartza Goikoa eremua industrialde bihurtzeko beste urrats bat egin du udal gobernuak
Hasierako onarpena eman diote urbanizazio plan partzialari, eta 13 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute.
Añorgan dago Belartza Goikoa berdegunea, eta urtetan lursail naturala izan ondoren, 2016an egindako harri betelan ilegal batek kaltetu zuen haren jatorrizko izaera. EAEko Auzitegi Nagusian 2019an ebatzi zuen isurketa hura ilegala izan zela, eta Valeriano Urrutikoetxea (VUSA) enpresa eta lursailen jabea eta Donostiako Udala zigortu zituen. Horrekin batera, lursail naturala lehengoratzeko eskatu zuen auzitegiak. Ordea, ez da horrela gertatu. Are gehiago, eremu horretan industrialde bat eraikiko dute.
2010eko hiri antolamendurako plan orokorrak (HAPO) Belartza Goikoa eremuko lurrak industriara bideratu beharko liratekeela dio. Dena dela, HAPOaren berrikuspenean, aurreikusitako asmo batzuk desklasifikatu edo aldatu dira —Antondegin etxebizitzak eraikitzeko proiektua, esaterako—. Belartza Goikoan aurreikusitako industrialdearekin ez da gauza bera gertatuko. Izan ere, Donostiako Udal Gobernuak beste urrats bat egin du Añorgako berdegunean logistika zentro bat, hotel bat, pabiloiak, ostalaritzako zerbitzuak eta gasolindegi bat jartzeko.
“Belartza Goikoa eremuko industrialdeak pausoak ematen eta aurrera egiten jarraitzen du. Hiriarentzako trakzio ekonomikoko puntu berri bat bihurtuko da, eremuak erabilera industrialak eta hirugarren sektorekoak hartuko baititu”, nabarmendu du Eneko Goia alkateak.
Leku horretan egindako harri betelan ilegala dela eta, hedabide honek Goiari galdetu dio ea plan partzialak berme juridiko guztiak betetzen dituen. “Ez du zerikusirik tramitazio horrekin”, erantzun du alkateak, nahiz eta gaineratu duen isunak jarri dituztela “han egindako legez kontrako lur mugimendu batzuengatik”.
13 milioi euro
Belartza Goikoaren plan partzialak 13.131.801 euroko aurrekontua izango du, eta helburuak hauek izango dira: “Produkzio jardueretarako eraikin berriaren plataformak eta haietarako sarbide sistema –ibilgailuentzat eta oinezkoentzat– konfiguratzea, behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren hiri zerbitzuen antolamendua, eta sortutako paisaia eta ingurumen inpaktuak zuzentzeko neurriak zehaztea”.
Besteak beste, urbanizazio plataforma mailakatuen sistema bat eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak, sarbide berriak eta biribilguneak dituen bide eskema berri bat aurreikusten ditu planak. Bestalde, Errekatxuloko ibarra eta Irubide errekaren ibarra txikiaren azken zatia programa urbanizatzailetik kanpo utziko dituzte, eta egungo egoeran zuhaitz gune gisa babestuko dituzte.