Bizikleta irteera antolatu du Kalapiek ekainaren 8an
Kalapiek bizikleta irteera antolatu du ekainaren 8an, larunbata. Xedea Donostiari bizikletan buelta ematea da, Route 25 deritzon ibilbidetik; izan ere, 25 kilometroko ibilbidea da, hiriko leku “eder eta enblematikoenetako batzuk” zeharkatzen dituena. Gainera, ohar baten bitartez jakinarazi dutenez, hirian “hain ezagunak ez diren baina interesgarriak diren auzo eta parajeak ezagutzeko aukera” ematen du.
Kursaal aurrean elkartuko dira, 09:30ean. Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea batez ere laua da, igoera bakarrarekin —Ametzagaina parkea—. Edozein pertsonari irekitako irteera dela eta “erritmo lasaian” joango direla jakinarazi dute. Hala, hiriko sekretu batzuk ezagutzeko Jesus Mari Alquezar gidari eta ibilbidearen ideologoaren eskutik egingo dute ibilbidea, eta irteerak hiru orduko iraupena izango duela aurreikusten dute.
Xehetasun gehiago jakiteko, ibilbideko planoa kontsulta daiteke edo track wikiloc deskarga daiteke.