Errekalden irisgarritasun gabeziak salatu ditu Elkartuk
Elkartuk —Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea— irisgarritasun gabeziak aurkitzen direla Errekalden salatu du, eta hainbat idatzi bidali dizkio Donostiako Udalari, honek “mugikortasun murriztua duten pertsonei eragiten dien kaltea” ohartaraziz.
Autobus geralekuko espaloiak eta topoko ibilgailuaren egoerak azaldu dituzte; izan ere, ohar baten bitartez nabarmendu dutenez, “irisgarritasunaren arloan indarrean dauden arauak ez dira betetzen, eta ondorioz, gurpil aulkia erabiltzen duten pertsonen segurtasuna eta osotasuna “arriskuan” jartzen ditu.
Autobus geralekuko espaloiak ibilgailuaren arrapala galtzadaren gainean jaitsi behar da, eta segurtasuna arriskuan jartzen du honek. Halaber, topoaren kasuan, igogailuaren irteeran, errepidearen gaineko pasabidea zeharkatu ondoren, eskailera maila handi bat jaitsi behar izaten dutela ohartarazi dute; izan ere, arrapala xafla bat izan arren, tolestuta dagoela jakinarazi dute, eta horregatik, espaloia alde batetik jaitsi beharko litzatekeela uste dute.
Halaber, topoan edo autobusean doazen pertsonek Donostiako saihesbideko bazter bidetik ibili behar dutela salatu dute.
Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalari zuzendutako komunikazioetan, errealitate honek guztiak “kalte berezia” sortzen dela salatu dute, eta beraz, Errekalden irisgarritasunaren baldintzak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak gauzatu behar dituela eskatu dio Elkartuk Donostiako Udalari, “pertsona guztiak berdintasunez joan eta ibili ahal izan daitezen”.