Herrerako segurtasun arazoak konpontzeko «inplikazio integrala» eskatu diete erakundeei
Herrerako Herripe auzo elkarteak deituta, herritar ugari bildu dira ostegun arratsaldean auzoko Euskotrenen geltokiaren plazan, azken hilabeteotan auzotarrak bizitzen ari diren egoeraren inguruan hitz egin eta erakunde publikoei neurri eraginkorrak eta “inplikazio integrala” eskatzeko.
Izan ere, hiriko beste hainbat auzotan gertatzen ari den moduan —bereziki, Martutenen eta Egian, azkenaldian—, kale egoeran dauden pertsona ugarik, gehienak migranteak, auzoko hainbat gune degradatu okupatu dituzte, eta segurtasun arazoak sortu dira: “Herrerak hilabete luzez jasan dituen kaleko liskar, istilu, lapurreta, ahozko jazarpen eta ondasun publiko eta pribatuetako kalteak herritarren ezinegona eta haserrea eragiten ari dira. Era berean, agerikoa izan da egoera zaurgarrian dauden pertsonek auzoko zenbait espazio huts hartu dituztela eta, horietariko batzuk (ez denek), espazio publikoan legez kontrako eta gizalegetik kanpoko jarrerak izaten ari direla. Gertaera horiek modu errepikakorrean emateak, auzoko gazte, neskato, adineko zein helduen ongizatea kaltetu du”, azaldu dute Herripeko kideek.
Auzo elkarteak hainbat bilera publiko zein pribatu egin ditu bizilagunekin azken asteotan, eta agerraldian azaldu dutenez, “udaleko arduradun politikoekin” eta “Ertzaintzako erreferentziazko langileekin” harremanetan jarri dira, egoerari aurre egiteko bideak bilatzeko.
Izan ere, argi dute egoerari neurri polizialekin soilik aurre egitea ez dela izango behin betiko irtenbidea: “Kontrolik gabeko immigrazioaren bidez iritsi diren eta modu irregularrean dauden zenbait pertsonek badute gai honetan zerikusirik, baina ez soilik. Herrerako degradazioa beste alor batzuetan ematen ari da ere, era berean, egoera hau jasanezin bilakatzearen arrazoi direnak. Muturreko egoerei aurre egiteko, Poliziaren jarduna garrantzizkoa izan baden ere, dena ez da indar polizialaren bidez konpontzen. Ezta, beste inon egoteko aukerarik ez duten gazteek
hartutako espazio okupatuetan sortutako gatazken kasuan, auzotarren onarpena ez duten pelotazo urbanistiko neurrigabeak sustatuz ere”. Besteak beste, Zardoya-Otis eremuan udalak garatu nahi duen 400 etxebizitza inguruko proiektuari erreferentzia eginez aipatu dute hori; gainera, bertan Udaltzaingoaren komisaria berri bat eraikitzeko asmoa ere agertu izan du udalak.
“Egoera honek ezker eskua erabiltzea” eskatzen duela gaineratu dute auzo elkartekoek: “Egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzeko baliabideak eskaintzea, auzoko puntu ilunak lantzea, urte luzez utziak izan diren gune industrialak aktibatzea, auzo harremanak sendotzeko ekimenak biziagotzea, dotazio publiko, berdegune eta etxebizitza sozialak eratzea. Norantza horretan tokiko administrazio publikotik egiten diren esfortzuak behar luketena baino ahulagoak direla irmoki adierazi nahi dugu”.
Kale egoeran daudenekin harremana
Herripekoek azaldu dutenez, azken egunotan, “egoera prekario horretan dauden kolektibo horiengana hurbildu” dira, eta “egiaztatu” dute “laguntzaren bidetik gehiago egin daitekeela”. “Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu hurbilketa hori egiten lagundu diguten Arrats Elkarteko, Harrera Sareko, SOS Arrazakeriako eta Kaleko Afari Solidarioetako kideei. Euren lana goraipatzekoa modukoa delako”, gaineratu dute.
Arazoa ukatzetik urrun, nabarmendu dutenez, “errespetuzko jarrerak mantentzen ez dituzten pertsona gatazkatsuak ere badirela ere jakina da”, eta, horregatik, “egoera horiek kontrolatzeko” eskatu diete erakunde publikoei, baita “horretarako laguntzeko prestutasuna” erakutsi ere, “orain arte egin moduan”.
Halaber, nabarmendu dute ez dituztela, inondik inora, “alderdi kontserbadoreek zabaltzen duten gorroto eta xenofobia mezuak elikatu” nahi: “Aitzitik, herritar guztion bizimodua hobetuko duten konponbideak aurkitzeko saiakerak sendotzea da hemen gaudenok partekatzen dugun nahi nagusienetariko bat. Bide horretan, herreratarrok irtenbidearen parte izateko erakutsitako jarrera balioan jarri nahi dugu. Auzotarrok gure auzoaren egoeran ze esana izanik ere, erakunde publikoei dagozkien ardurak bete behar dituztela iruditzen zaigunez: Herreran administrazioaren inplikazio integralagoa eskatu nahi dugu”.