Kontadoresen kultur proposamenak jasotzeko deialdia, astelehenera arte zabalik

Kontadores Gazte Zentroak ekainaren 3ra arte, astelehena, zabalik du jarduera kulturalak eta artistikoak programatzeko proposamenak jasotzeko deialdia. Deialdiaren xedea da “bertako eta gazte izaerako sormen prozesuak bultzatzea, eta proposamen berriak integratzea zentroan”. Deialdian artistek, eragileek, kolektiboek zein pertsona fisikoek parte hartu dezakete, eta Donostian bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek izango dute lehentasuna. Hala, laborategi edo lantegi trinkoak edo pieza eszenikoak onartuko dira.
Laborategien helburua diziplina artistikoak bultzatzea da, “gazteen interes eta gustuak kontuan hartuta”. Era berean, antolatzaileek azaldu duten moduan, laborategiek, gai zehatz bati buruzko informazioa eskaintzeaz gain, partaideen arteko harremanak sortzen dira, “saioetan dinamika bereziak sustatuz”. Taldeak 6 eta 15 pertsona bitartekoak izango dira.
Halaber, arte biziekin erlazionaturiko proposamenak erakusteko “eremua” dela ziurtatu dute —musika, antzerkia, spoken word, poesia, ikus entzunezko saioak, performanceak, dantza edo antzekoak—. Edozein proposamen amateur eta erdi profesional onartuko da: pieza luzeak, motzak, inprobisazioak, entsegu orokorrak, nahiz sormen prozesuan dauden piezak.
Antolatzaileek nabarmendu dute, “aurkeztutako proposamenak kultura eta sorkuntza gaztea ordezkatzeko eta gazteriarekin konektatzeko duten gaitasunaren arabera” balioetsiko direla. Halaber, Kontadoresek ohartarazi du ez duela onartuko sexu, arraza edo beste edozein arrazoiengatik inor baztertzen duen eduki edo proposamenik.