«Maitasunaren mezulari izaten jarraitu dugu, bata Ameriketan eta bestea Asian»
Maitasunarekin Bat bikoteak emanaldi akustiko elkarrizketatua eskainiko du igandean, ekainaren 2an, Groseko Marruma elkartean (18:00). Hain zuzen ere, Marruma Kulturalak programaren barruan ariko dira. Emanaldi "berezia" izango dela aurreratu dute.
2010ean agurtu ondoren, iaz itzuli zinetela esan daiteke. Edo ez zineten joan?
Maitasunarekin Bat, 2007. urtean jaio zen musika proiektu eraldatzailea da. Garai hartan gizartean maitasun falta nabarmena sumatzen genuen eta, egoera horri buelta eman nahian, musika medio, munduan zehar maitasuna lau haizetara zabaltzeko erabakia hartu genuen.
Egia da 2010ean Azken Maitasun Dantza agur kontzertua eskaini genuela, baina proiektuak, zentzu metaforikoan bada ere, bizirik jarraitu du, honen helburua betetzen eman baitugu urte hauek guztiak, bakoitza bere aldetik bada ere. Maitasunaren mezulari izaten jarraitu dugu, bata Ameriketan eta bestea Asian.
Pasa den urteko udan, 12 urteren ondoren, Mikel etxera itzuli eta proiektua berreskuratzeko erabakia hartu dugu. Arrazoi nagusia da gizartearen nondik-norakoak ikusita, proiektuak gaur egun oraindik eta zentzu gehiago duela uste dugula.
Bi kideak munduaren punta bakoitzean bizi arren, Maitasunarekin Bat eginda jarraitu duzue?
Bai, noski. Adiskidetasuna ere maitasun mota bat da, eta ez daude kilometro nahikoak munduan hau suntsitu dezakeenik. Gu bizirik gauden bitartean M1ek ere bizirik jarraituko du. Gehiago esango genuke: M1ek dagoeneko bizitza propioa du, eta ziur gaude gure existentziatik haratago biziraungo duela.
Halere, Groseko Marruma elkartean ekainaren 2an eskainiko duzuen kontzertua, itzulera moduko bat izango da?
Hala da, bai. Guztiongatik jakina da M1ek ez dituela zuzeneko emanaldi asko eskaintzen, baina urte hauetan guztietan zehar maitasuna helarazi diguten jarraitzaile guztientzako oparia izango da igandekoa. Jarraitzaile guztiak ere Maitasunarekin Bat direlako.
Ezohiko emanaldia izango dela aurreratu du Marruma Kulturalak egitasmoak. Zergatik?
Alde batetik, akustiko elkarrizketatuaren aurretik, arratsaldeko 5etatik aurrera, Itoitz Guerrero artistak, M1en Zure eskutik helduta abestiarentzako Euskal Herrian grabatu den lehen 360ºko bideoklip birtuala ikusteko aukera emango digulako. Esperientzia benetan ikusgarria da eta bizi beharrekoa.
Bestetik, abestuko dugun abestietako batean sekulako kolaborazioa izango dugulako. Momentuz ezin dugu ezer gehiago aurreratu, beraz gertura zaitezte igandean Marrumara sorpresaz gozatu ahal izateko. Ez zarete damutuko.
Errepertorio berezia presatu duzue?
Bai, gure ibilbidea laburtzeko sei abesti aukeratu ditugu. Zalantzarik gabe sortu ditugun abesti berezienak, hain zuzen. Urte luzez une hau itxaroten egon diren jarraitzaileen gozamenerako.
Eta abesti berriren bat joko duzue?
Bai, oraindik grabatu gabe dagoen abesti berri bat aurkeztuko dugu. Heldu nazazu du izena kantak, eta, egiari zor, irrikan gaude lehenengo aldiz abesteko. Hainbeste denbora eta gero ez genekien lehengo maila mantendu genezakeen ala ez, eta inoiz baino indartsuago gaudela sentitzen dugu.
Internet aipatuta, M1 taldearen arrastorik ez dago sarean, salbuespen txiki batzuekin. Zer dela eta?
Egia da, grabatu genituen abestiak Myspace atarian plazaratu genituela, baina egun ez daude entzungai. Grabaketa haiek ondo gordeta ditugu zorionez. Ez dira galdu, beraz.
Zuen abestiak Interneten eta plataforma digitaletan entzungai jartzeko asmorik duzue?
Noski! Gure asmoa, abesti guztiak berriz grabatzea da. Ez dugu presarik, kontzertuekin bukatzean estudioan sartuko gara. Nork daki, agian, beste sorpresa bat izango dute gure jarraitzaileek. Izan ere, biziki maite dugu, ezustean, gutxien espero dutenean opariak eskaintzea.