Adinekoen egoitzaren izaera mantendu nahi dute
Duela 50 urte inguru, Uliako hainbat bizilagun Ulia-Ategorrietako txalet batera sartu ziren, auzoarentzat izateko. Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzak hustu nahi duela salatu du Uliako Auzo Elkarteak.

Ulialde izenez ezaguna den arren, Aketz da Ategorrieta kaleko 67. zenbakian dagoen txaletaren jatorrizko izena. 1913. urtean eraiki zuten, eta 1924an eraikin txikiago bat erantsi zioten —1995ean jausi zena, egoera kaskarrean zegoelako—. 1970eko hamarkadan, diktadura garaiko gobernuak Ategorrietako lursail eta eraikin batzuk desjabetu zituen Intxaurrondon eraikitzekoak ziren etxebizitza berrientzako sarbideak egiteko. Tartean, Aketz txaleta. Horren jakitun, 1974an, Uliako hainbat bizilagunek utzita zegoen eraikinean sartzea erabaki zuten, auzoarentzako izan zedin. Gainera, txaleta txukundu eta berritu zuten auzolanean. 1975ean, berriz, Uliako Auzo Elkartea sortu zuten bizilagunetako batzuek, Donostian erregistratu zen lehena.
50 urte geroago, Ulia-Ategorrietako adinekoen egoitza arriskuan dagoela ohartarazi du Uliako Auzo Elkarteak. «Eusko Jaurlaritzak eraikina hustu eta adinekoentzako apartamentuak jarri nahi ditu», deitoratu du Felix Sotok, auzo elkarteko kideak. Protesta gisara, pankartak jarri dituzte txaletaren kanpoaldean, auzotarrek eta donostiarrek «arazoaren berri» izan dezaten. Zaharren etxea husteko asmoak Basque Culinary Centerren Groseko egoitzarekin lotura duela uste du auzo elkarteak. «Hasieratik proiektu horren kontra agertu gara, eta horrela jarraituko dugu», dio Sotok.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Sailak 2022ko abenduan eskatu zion Donostiako Udalari Ulialde eraikinean lanak egiteko lizentzia. Adinekoentzako etxebizitzak egokitu nahi dituzte txaletaren lehen eta bigarren solairuetan. Iazko uztailean, udalak aipaturiko obren lizentzia onartu zuen, baina ordutik ez dute beste pausorik eman.
Ordea, auzo elkarteak, bai. Bi bilera egin dituzte Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Etxebizitzaren ordezkaritzarekin, eta argi adierazi diete eraikina erabiltzen jarraitu nahi dutela, besteak beste, auzo elkarteari esker iraun duelako zutik. «Hara sartu ginenean, eraikinak hobekuntza ugari behar zituen, eta auzolanean egin genituen. Gerora, baliorik gabeko eraikin bati bizitza eman genion, eta auzotar askoren topagune bihurtu da», nabarmendu du Sotok.
Pasa den otsailean izandako bileran, proposamen bat luzatu zion Etxebizitza ordezkaritzak auzo elkarteari. Adinekoen egoitza irabazi asmorik gabeko auzo elkarte batek kudeatzen duenez, soilik beheko solairua erabiltzeko aukera proposatu diete. Aldiz, apirila bukaeran auzo elkarteari bidalitako idatzian, beste proposamen bat egin diete. Jaurlaritza prest agertu da zaharren etxetik gertu dagoen Iturritxo etxeko beheko solairua auzo elkartearen esku uzteko.

Eusko Jaurlaritzak eraikina hustu nahi duela salatzeko, hainbat pankarta jarri izan dituzte eraikinaren kanpoaldean.Uliako Auzo Elkartea
Auzoarentzako zerbitzuak
Ulialde txaleta ez da soilik Ulia-Ategorrietako zaharren egoitza. Hori baino askoz ere gehiago dela dio auzo elkarteak. Askotariko jarduerak barnebiltzen ditu eraikinak, horietako asko adineko pertsonentzat. «Besteak beste, yoga klaseak, pintura klaseak, egur taila ikastaroak eta hiru hizkuntza ikasteko klaseak ematen dira egoitzan. Horrekin batera, auzo elkarteak bertan du egoitza, eta baita Genozidioaren Biktimen Elkarteak ere», azaldu du Sotok. Hori gutxi balitz, taberna bat ere badu eraikinak, auzoko adinekoek egunerokoan erabiltzen dutena.
Ateak zabalik mantentzeko akordio «duin» bat lortu nahi du auzo elkarteak Jaurlaritzarekin. Dena dela, jakin badakite ez dela batere erraza izango. Erakunde publikoak adinekoentzako apartamentuen proiektuari eusten dio, eta horrek eraikinaren izaera «zeharo desitxuratuko» lukeela uste du Sotok: «Ulialdek auzoari eskaintzen dizkion zerbitzuak mantendu nahi ditugu, urtetan horrela izan delako, eta orain arte arazorik izan ez dugulako. Adinekoek eta auzotarrek merezi duten egoitza da, eta izaera horri eusten ahaleginduko gara». Horregatik, bilerak egiten eta mobilizatzen jarraituko dutela gaineratu du.