Antondegi Berdeak pozik hartu du Antondegiko surf parkearen proiektua bertan behera geratu izana
Pozik agertu dira udal gobernuak iritzia aldatu duelako, baina urtetan kolektiboarekiko izandako jarrera kritikatu dute.
Olatu artifizialen proiektuaren berri izan orduko, Antondegi Berdea plataforma sortu zuten 2021eko martxoan. Gizarte eta ingurumen arloetako eta surf munduko zenbait eragilek indarrak batu zituzten: Surfrider Foundation Europe, Eguzki, Fridays for Future, Haritzalde, Parkea Bizirik, Itsas Enara Ornitologia Elkartea eta Bizilagunekin. Hiru urte beranduago, eta surf parkearen kontrako hainbat protesta egin ondoren, proiektua bertan behera geratu izana “pozgarria” dela adierazi dute ohar baten bidez.
“Erabat arduragabea eta iraunkortasun logikaz kanpokoa iruditzen zitzaigun 6 hektareako olatu artifizialen azpiegitura bat eraikitzea (6 futbol zelaien tamainakoa), Antondegi gisako balio ekologiko handiko muino bat txikituz, 4 kilometrora olatu naturalak daudenean. Eragin ekologiko handia zuen, ez zien interes sozialei erantzuten, eta ez zen inolaz ere baiezko bat Donostiaren aurrerapenari, aurrerabideari eta etorkizunari”, azaldu du plataformak.
Pozik agertu dira udal gobernuak iritzia aldatu duelako, baina azken urteotan gertaturiko gauza bat gogora ekarri dute: “Udalak behin eta berriz uko egin zion gure kolektiboarekin hitz egiteari, eta ingurumenarekin lotutako alderdietan oso zorrotza ez den jarrera erakutsi zuen. Udalak baieztatzen zuen, besteak beste, proiektuak ingurumen berme guztiak zituela, surfeko eragile guztien babesa zuela, eta, gainera, batzuetan argudio engainagarriak erabiltzen zituen, esanez hobe zela olatu artifiziala eraikitzea etxeak eraikitzea baino, besteak beste”.
Horrekin batera, “udalaren argudio faltsuei” aurre egitea zaila izan dela dio plataformak: “Gure kolektiboak ahalegin handia egin du Antondegiren biodibertsitateari buruzko informazio eta dibulgazio kanpainetan, sinadura bilketan, ingurumen inpaktuari buruzko txostenak egiten, administrazioarekin lan egiten, surflarien mobilizazioan, kaleko protestatan eta abarretan”.
Bi kideren adierazpenak ere jaso dituzte. Xabier Saralegi Itsas Enara Ornitologia Elkarteko bazkide eta Antondegi Berdea kolektiboko kidearen arabera, “oso positibotzat jotzen dugu Antondegin olatu igerilekuaren eraikuntza bertan behera uzteko eta muinoa eremu urbanizaezin izendatzeko Udalak iragarritako erabakia, bere balio naturalengatik eta korridore ekologiko gisa eremu horrek betetzen duen funtzioagatik”.
Jabi Iraizoz Donostiako surflari eta Antondegi Berdeko kidearen iritzia ere plazaratu nahi izan dute: “Modu batera edo bestera kolektibo honetan parte hartu duten pertsona askoren lan altruista eskertu nahi genuke: surflarien kolektiboa, talde ekologistak, bizilagunak, baserritarrak, talde kontserbatzaileak, esparru akademikoko ikertzaileak eta gure jardueretan parte hartu eta lagundu diguten pertsona guztiak”.