Antondegik berdea izaten jarraituko du
Martuteneko berdegunean 3.000 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusi zuen 2010eko HAPOak. Ordea, Antondegi landa eremu izendatzea aurreikusten du plan orokorraren berrikuspenaren aurrerakinak. Beraz, ez surf parkerik eta ezta etxebizitzarik ere.
Belazeetatik uxatu dute naturala ez den beste guztia. Ez, Martuteneko Antondegi mendi magal berdean ez dute surf parkerik jarriko, eta ez dituzte etxebizitzak eraikiko. Donostiako Udal Gobernuak harturiko erabakia nabarmendu du hedabideen aurrean. Hau da, Antondegin etxeak ez eraikitzeko erabakia. Hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspena horretarako baliatu dute. Dena dela, surf parkearen auzia argitu gabe geratu zen, eta, azkenik, pasa den astean baieztatu zuen ezezkoa udal gobernuak. «Ez, surf parkea ez dute Antondegin jarriko», adierazi zuen Eneko Goia alkateak, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia alboan zuela. Horrela ere, Wavegarden enpresa azpiegitura hirian jartzeko beste kokaleku baten bila dabil.
Olatu artifizialen parkea Antondegin jartzearen aurka agertu zen hasieratik EH Bildu udal taldea. Udal gobernuak aukera hori ezeztatu ondoren, prentsaurreko bat eskaini zuten pasa den astean. «Uste dugu albiste ona dela. EH Bilduk hasieratik defendatu zuen kokaleku hori ez zela egokia hainbat arrazoirengatik; beraz, zentzu horretan, zorionak eman nahi dizkiegu horren aurka mobilizatu ziren herritar guztiei», adierazi zuen Markel Ormazabal zinegotziak. Surf parkea Donostian jartzeko aukerari dagokionez, EH Bilduk «hasierako posizioari» eusten dio: «Ez dugu begi txarrez ikusten enpresak Donostian bere kokalekua izatea. Eskatzen duguna da inpaktu positiboa izango duen eremu batean jartzea azpiegitura hori».
97 hektarea
Martuteneko Antondegi gaina da Donostian gelditzen diren berdegune gutxi horietako bat, eta hiriko gerriko berdearentzako eremu garrantzitsua da. 97 hektareako berdegune zabala da, eta beste animalia batzuen artean, 100 hegazti espezietik gora behatu dituzte han; besteak beste, galtzeko arriskuan dagoen miru gorria. Hala ere, Donostiako Udalak proiektu bat baino gehiago garatu nahi izan du eremu horretan. Hain zuzen ere, Odon Elorza alkatearen udal gobernua izan zen ingurua eraldatu nahi izan zuen lehena. 2007an, Antondegiko 96 hektareatan hirigintza proiektu bat garatzeko asmoa agertu zuen. 2010ean, lurrak desjabetu eta HAPOan txertatu zuten 3.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua.
2020an, ordea, Eneko Goia alkatearen udal gobernuak plan orokorra aldatzeko prozedura abiatu zuen, eta etxeak egin beharrean, lurrak birkalifikatzea erabaki zuten, bizitegi eta industria erabilera kentzeko. Alkatearen arabera, udal gobernuak «aspaldi» alboratu zuen Antondegin etxebizitzak eraikitzeko proiektua: «Gainera, hainbat arrazoirengatik. Batetik, eredu gisa horrelako garapen bat egitea, nolabait, isolatuta geratzen dena, ez da oso gomendagarria. Bestetik, Donostiak duen etxebizitzak eraikitzeko ahalmena, kopuruari dagokionez, mugatua dago lurralde planeamenduen arabera. Guk erabili dugu bertan aurreikusten zen zenbaki hori beste gune batzuk garatzeko. Beraz, horiek egingo bagenitu, egin ditzakegun etxeen kopurua gaindituko genuke, eta lurralde planeamendua ez genuke beteko».
Etxebizitzen proiektua baztertu arren, Antondegiko hektarea batzuk kirol instalazio bat jartzeko egokituko zituztela iragarri zuen udalak 2020an. Hau da, surf parkea jarri ahal izateko. Wavegarden enpresak interesa erakutsi zuen Antondegin azpiegitura jartzeko, Altzan eta Zubietan leku bila aritu ondoren.
Proiektuaren berri izan bezain laster, gizarte eta ingurumen arloetako eta surf munduko zenbait eragile eta norbanako mobilizatzen hasi ziren, Antondegiko surf parkea gelditzeko. Horrela, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataforma sortu zuten hainbat elkartek, surfaren munduko norbanako ugariren babesarekin. Askotariko mobilizazioen bidez, kontrakotasuna adierazi, eta Antondegin surf parke bat jartzea «zentzugabea» zela salatu zuten. Denborak arrazoia eman die, eta zentzuzko erabaki bat hartu dute agintariek.
HAPOa berrikusten
2010eko hiri antolamenduko plan orokorrak ez zuen surf parkerik aurreikusten Antondegin; soilik, 3.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua. Aukera hori baztertu eta desklasifikatu du udal gobernuak. Horrela ere, Altzako Auditz Akular berdegunean eta Añorgako Belartza Goikoa eremuan etxebizitzak egiteko asmoa mantendu dute.
Bi hirigintza proiektu hauek ere 2010eko HAPOan jasota daude, eta berrikuspenean ez dituzte aldatu. Are gehiago, Altzako eta Añorgako lursail horiek gerriko berdearen parte dira, Antondegiren antzera. Ordea, bi eremuak artifizializatuko dituzte. Auditz Akularren 3.000 etxebizitza eraiki nahi dituzte, eta Belartza Goikoan logistika zentro bat, hotel bat, pabiloiak, ostalaritzako zerbitzuak eta gasolindegi bat.