Ernai gazte antolakundeko bost donostiarrek isunak jaso dituzte
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ernaiko 133 kide salatu ditu “Mozal legea” gisa ezagutzen den Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen bitartez, irailaren 22an Bilbon eta Gasteizen Aitor Zelaia eta Galder Barbado espetxean sartzearen aurkako protestetan parte hartu izanagatik. 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak eskatzen dizkiote salatutako kide bakoitzari, eta 290.500 euro dira orotara.
Salatutako 133 kide horien artean, bost donostiar daude, gazte antolakundeko gainerako kideen antzera iraileko mobilizazioetan Espainiako Gobernuak Bilbon duen azpiordezkaritzaren eraikinean eta Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean kateatu eta zirkulazioa eten baitzuten.
Erasorik larriena
Ostegun honetan Bilbon komunikabideen aurrean egindako agerraldi batean, Ernaik salatu du Mozal Legea neurriz kanpo aplikatu dela, gazteen antolakundearen mugimendu oro “itotzeko eta politikoki ezabatzeko” ahaleginean. Erakundeak orain arte jasan duen “erasorik larriena” dela adierazi du, bere bizitza politikoa “hipotekatu” eta “proiektuarekin aurrera egin ezin izatea” bilatzen duena: “Hau ez da ausaz gertatu, urteetan Ernairen aurka izan duten obsesio etengabean beste urrats bat da. Izan ere, gure proiektua deserosoa zaie. Geroz eta gehiago gara, geroz eta gazte independentista gehiago, gero eta gehiago batu eta aurrera egiten dugunok, eta guk zein gure proiektuak gero eta babes zabalagoa du”.
Gauzak horrela, Ernaik bide judizialaren abiatuko dutela aurreratu dute. Isunen aurkako helegitea aurkeztuko dute, Segurtun Sailaren “neurrigabekeria eta partzialtasuna” salatzeko. Era berean, gazte antolakundearen jarduera laguntzeko kanpaina jarriko dute martxan, eta besteak beste, zozketa solidario eta crowfunding bana antolatuko dute.