Illunbe eta Erdialdea lotzen dituen autobus zerbitzua ez da doakoa izango
Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak jakinarazi duenez, uztailaren 13tik aurrera erabili ahal izango da Illunbe eta Erdialdea lotzen dituen autobus zerbitzua. Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 13tik, larunbata, irailaren 1era, igandea, eta bi geltoki izango ditu: Illunbeko geltokia (irteerak 11:00etatik 22:20era) eta Mendeurreneko plazako geltokia (irteerak 11:10etik 22:30era).
Zerbitzuak bi nobedade izango ditu aurten. Orain arte ez bezala, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira: Mugi, BAT edo BARIK txartelak, gaur egun %50eko hobaria dutenak, eta QR edo EMV titulu digitalak eta noizbehinkako bidaia txartela.
Bestalde, udako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean zerbitzu horren erabilera sustatzen jarraitzeko, Mugikortasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak akordio bat egin dute, hirira sartzeko errepide nagusietan jarritako panel argidunen bidez zerbitzuaren berri emateko eta ibilgailu pribatuak aparkaleku horretara gidatzeko.
Autobus %100 elektrikoa
Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.
Igarako aparkalekua
Illunbeko aparkalekuaz eta bere anezka zerbitzuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua (Bernardo Estornes Lasa kalea) prestatzen ari da udala, Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 plaza izango ditu, doakoa izango da eta konexio garrantzitsuak ditu Dbuseko linea erregularrekin.