«Niretzat, Donostia harrera hiria izan da»
Martina Garreta (Mendoza, Argentina, 2001) Amaran bizi den auzotarra da. 19 urterekin iritsi zen Donostiara, eta hiru urteren ostean, gazte honek indarrez eta kemenez sortu du bere bizimodua eta egunerokoa. Hasieren bakardadea eta oztopoak, sarearen eta komunitatearen beharra eta Argentinako egoera partekatu ditu gurekin.
Hiru urte daramatzan Donostian bizitzen, 19 urterekin etorri zinenetik. Lortu duzu hiri hau zeure egitea?
Oso gaztea nintzela iritsi nintzen hiri honetara, eta gauza asko aldatu dira, baina oroitzapenak hor daude beti, presente.
Hemen bizitzea oso polita da niretzat. Auzoan ezagutzen naute, eta kalera irteten naizenean auzokideekin eta lagunekin elkartzeak ematen dio zentzu eta erraztasun handia hiri hau etxe sentitzeari.
Nola iritsi zinen hona?
Pandemia garaiak Bartzelonan harrapatu ninduen. Ni hockey profesionalean aritzen nintzen, eta Mendozan bizi nintzenean, Bartzelonako talde batekin hitz egin genuen taldekide batek eta biok, eta munduaren beste aldera joatera animatu ginen.
Baina, esan bezala, ezin izan genuen kirolik egin txapelketak eta entrenamenduak bertan behera geratu zirelako. Hortaz, Bartzelonan lanik gabe geratu nintzen, eta zer egin pentsatzen egon nintzen. Azkenean, hegazkinean ezagutu nuen argentinar bati idatzi nion. Berez, Andorrara egin behar zuen bidaia, baina Donostian zegoela esan zidan. Boluntario lanetan zebilen bera, eta niretzako toki bat zegoela esan zidan. Zalantzarik ez nuen izan, eta hona iritsi nintzen dirurik gabe eta pertsona bakar baten kontaktuarekin, zerotik hastera, 19 urterekin. Zaila da etxe bat sortzea, baina gehiegi pentsatu gabe, prest nentorren.
Orduan, hegazkinean ezagutu zenuen argentinar baten kontaktuagatik bukatu duzu Donostian?
Hori da [barrez], eta oso eskertuta nago. Batzuetan, migratzen duzunean, prest zaude toki batetik bestera mugitzeko, eta aukerei errealitate izateko aukera bat ematen zaie. Nik ez nuen Bartzelonan geratu nahi, eta etxera bueltatzea ez zen niretzat aukera bat.
Horregatik, hegazkineko argentinarrak Donostiara etortzea eskaini zidanean, ez nuen zalantzarik izan. Donostiak duen tamaina niretzat oso aproposa da, lasaia da eta hondartzatik paseatu ahal izatea, lagunekin edo bakarrik, niretzat bizi kalitatea da.
Zertan aritu zinen iritsi zinenean?
Nik turistei alokatzen dizkieten pentsioak garbitzen nituen, eta horren trukean —ordu gutxi batzuk ziren egunean—, bizitzeko tokitxo bat nuen.
Horrela ibili nintzen denboraldi batez, eta garbiketaren jardunean jarraitu ostean, ostalaritzan hasi nintzen. Han eta hemen ibili naiz, eta orain bizi naizen auzoan bertan egiten dut lan.
Easo plazako La Bodeguillako barran ibiltzen zara, zure auzotarrekin.
Hori da, eta oso pozik nago. Auzotar eta bezero asko nire lagunak dira gaur egun, eta hori da taberna honek eman didan gauzarik ederrenetakoa.
Plazako izkina honetan jendea oso gustura egoten da; izan ere, auzoko taberna bat da, eta astero elkartzen garenok egoten gara bertan, garagardoak eta kafeak partekatzen. Taberna honetan lagun talde asko elkartzen dira, eta askatasun handia dago hemen.
«Migratzen duzunean, prest zaude toki batetik bestera mugitzeko, eta aukerei errealitate izateko aukera bat eman behar zaie»
Zer gustuko duzu gehien?
Taberna hau nire etxe bihurtu da. Lankideekin eta Amaia jabearekin oso ondo moldatzen naiz. Familia txiki bat gara. Oporretan joaten gara, eta taberna ixten den egunetan elkarrekin joan ohi gara, mendira egun batzuk edo itsasora elkarrekin lasaitasunaz gozatzera. Azken finean, barraren barrualdean denbora gutxi izaten dugu denbora lasai partekatzeko, nahiz eta kalitatezkoa izaten den. Horregatik, hortik kanpo elkartzea oso laketgarria izaten da.
Donostia erakargarria egiten zaizu oraindik hemen jarraitzeko?
Bai, oso. Nik hemen jarraitzeko asmoa dut. Harrera hiria izan da niretzat. Milioika bizipen ezberdin egongo dira, baina niri hiri honek, nahiz eta hasiera zaila izan zen, ondo tratatu nau.
Zergatik izan zen zaila hasiera?
Zerotik hastea beti da zaila. Edozein hasierak ditu bere zailtasun propioak, hasiera izateagatik soilik daudelako oztopo zehatz eta markatu batzuk.
Ni udaran iritsi nintzen Bartzelonatik, eta eskerrak, mugimendua eta lan asko egiteko aukera zegoelako. Jendea ezagutu nuen eta pozik nengoen, baina negua iritsi zenean egoera zeharo, espero gabe, aldatu egin zen. Eguraldiak ez zuen batere laguntzen, eta segituan iluntzen du neguan. Bizitza sozialak behera egin zuen, lan gutxiago zegoen eta ni oso bakarrik sentitu nintzen. Kasu batzuetan, ondoan norbait izaten da, baina indarra eta segurtasuna hartu behar du norberak aurrera egiteko, eta ondoan dagonaren babesa jaso eta zu bezala dagoena ondo babestu behar duzu, baita ere. Zaurgarritasuna presente egoten da hasiera hauetan.
«Zerotik hastea beti da zaila. Edozein hasierak ditu bere zailtasunak, hasiera izateagatik soilik daudelako oztopo markatu batzuk»
Nor izan zen zure ondokoa?
Euge. Ni Donostiara iritsi nintzenean, hemen bi urte eta erdi zeramatzan beste gazte argentinar bat da; pisua konpartitu genuen. Gaur egun, nire lagun oso gertukoa da, eta asko zaintzen dugu elkar.
Egoera asko aldatu da geroztik…
Bai, izugarri. Nire bizi kalitatea handitu egin da hemen bizi naizenetik. Lanean oso pozik nabil, auzoa oso polita da, itsasoa oso gertu eta nire bizilagunak atsegin ditut. Maite ditudanak ondo ditut.
Zuretzako itsasoaren gertutasuna inportantea da?
Itsasoak, hiriak eta mendiak bat egiten dute hiri honetan. Zoragarria da. Egunero jaitsi naiteke hondartzara eta bake handia ematen dit horrek. Udaran, gainera, irlara joatea gustuko dut, eta lagunekin bertan egunaren berotasuna eta alaitasuna partekatzea.
Zure familia bihurtu dira lagunak?
Parte batean bai. Lagunekin harreman estua sortzen duzu zure etxetik kanpo zaudenean, eta zure heldulekua eta sostengua dira momentu gehienetan. Guk, lagunon artean, konfiantza handia dugu laguntza eskatzeko eta bestearen etxean astebetez edo aste batzuez lotan geratzeko, beharra izango bagenu.
Sobran dakigu denok zer den migrazio prozesua eta zure etxetik eta familiarengandik urrun egotea. Batzuetan familiar baten besarkada behar duzu, baina, tamalez, oso urruti daude besarkada horiek beharrezkoak dituzunean.
Nostalgia da hori?
Bai. Nola ez izan nostalgiarik momentu zailenetan? Batzuetan, hemen behar dituzu, eta beste batzuetan han egon nahiko zenuke. Oso urruti dut familia, eta edozer gauza gertatuko balitz ezingo nintzateke segituan joan. Igandetan ikusten ditut familiak elkarrekin kalean eta nik ere askotan hori nahiko nukeela pentsatu ohi dut, eta orduan, inbidia eta nostalgia sartzen zaizkit barruraino.
Nik ez dut aukerarik nire familiarekin bazkaltzeko, horregatik da horren inportantea familia sortzea eta lagunen arteko harremana egunerokoan sendotzea eta sortzea.
«Lagunekin harreman estua sortzen duzu etxetik kanpo zaudenean, eta zure heldulekua eta sostengua dira momentu gehienetan»
Igandean, Gladys Enean elkartuko da komunitate argentinarra.
Bai, plana zoragarria da. Antza, bi pertsonek antolatu dute plan hau, beharra dagoela sumatu dutelako. Seguruenik haien inguruko argentinarrekin hitz egingo zuten eta komunitatea sortzeko gogoa dagoela ikusiko zuten.
Gainera, bakoitzak edateko eta jateko zerbait eraman behar duela uste dut, eta hori oso argentinarra da. Normalean, etxeetan elkartzen gara han; tabernetan eta kalean elkartzea hemengo kontua eta kultura da. Nik ez dut joateko beharrik, baina nire egunerokoa eta sarea oso sortuta ditudalako. Iritsi berri egongo banintz joango nintzatekeela pentsatzen dut, sarea sortzeko eta lasaiago egoteko, baina jada ez dut horren beharrik, hiru urteren ostean nire hiria, egunerokoa eta bizimodua landuta ditudalako.
Lasai bizi zara hiri honetan?
Oso lasai, eta honetaz jabetu egiten naiz Argentinan pentsatzen dudanean; izan ere, hemen gauez lasai ibiltzen naiz kalean etxera itzultzen naizenean, baina han beldurrez ibiliko nintzateke.
Argentinako bizilagun batek hiru lesbiana akatu ditu. Nola bizi duzu albiste hau Donostiatik?
Amorruz. Oso atzerakoia izaten jarraitzen du Argentinak, eta ez da posible bizilagun batek molotov koktel baten bitartez hiru lesbiana, lesbiana izateagatik, erailtzea. Laugarren bat zegoen etxean, baita ere, baina honek ihes egitea lortu zuen. Ezin sinistu…
«Argentinako gizarteak oso argi zuen abortua legalizatu behar zela, eta geratzeko iritsi da aldaketa hau, ez digute eskubide hau ukatuko»
LGBTI+ kolektiboak bere eskubideen defentsen urratzeak pairatzen ditu Argentinan?
Bai, izugarri. Nik uste dut hedabideek eta gizarteak berak jakitean lesbianak izateagatik akatu zituela bizilagunak, albisteari ez diotela horrenbeste jaramonik egiten edo ahazten uzten dutela. Gainera, nahiz eta telebistan eta artean bai ikusten diren kolektiboko pertsonak, egunerokoan, kalean, eskolan edo lagun taldeetan gutxi ikusten dira.
Era berean, jaso dugun heziketa oso matxista izan da. «Zu ezin zara horrela eseri, emakumea zarelako» eta abarreko inposaketak jasan ditugu txikitan. Azkenean, matxismoa oso presente dago eta LGBTI+ kolektiboan, baita ere, honek eragina du.
Feminismoa indar politiko handiena dela esango zenuke?
Abortuaren onarpenaren aldeko borroka oso inportantea izan da gure herrialdean. Belaunaldi ezberdinetakoak elkartu ziren kalean, borrokan, gure eskubideen defentsan, abortua legalizatu zuten arte. Gainera, ilegala zenean ere, anbulatorioetan abortuak egiten ziren. Hau da, gizarteak oso argi zuen abortua legalizatu egin behar zela, eta geratzeko iritsi zen aldaketa hau. Ez digute eskubide hau berriz ukatuko, geurea baita.
Javier Milei gora eta behera dabil, barrenak nahasten. Ez ditu gehiegi atsegin feministak eta abortistak.
Milei bezalako mordoa dago, tamalez. Okerrena da aspalditik datorrela bere diskurtsoa, ez zaigula berria egiten. Krisi sozial nabarmena bizi du Argentinak. Baina, hemen bizi naizenez, hemengo errealitatea dut presenteago.
Zaila izango da, esan duzun moduan, hemendik gorpuztea hango errealitatea.
Bai, arlo guztietan gainera: ez da soilik egoera politikoa urrutiago sentitzen duzula, komunitatea eta bertako egunerokoa urruti geratzen zaizkizunaren sentsazioa hor egongo da beti, batzuetan indartsuago eta beste batzuetan lausoago. Norberak bere oreka bilatzen du eta presente egoten saiatzen naiz, bertako errealitatea ahal dudan heinean partekatzen, digitalean edo bideo deiez bada ere.
Etorkizuna hemen ikusten duzu?
Bai. Hemen sortu dudana gustuko dut, harro sentitzen naiz, eta azken finean, hori, beti ez bada, gehienetan nahikoa izaten da.