Gladys omendu dute aurreskuaren, loreen, kanten, musikaren eta bizikleten artean
Ekainaren 3an, 45 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys Tuteran tiro bat buruan jota hil zuenetik.
Gladys del Estalen omenezko ekitaldia egin dute goizean, Gladys Enean, Eguzki eta Gladys Gogoan kolektiboek antolatutako ekitaldi batean. Goiz euritsuarekin hasi dute eguna, baina atertu egin du eta ekitaldi jendetsua burutu ahal izan dute “eguzkia lagun izan dutela”.
11:30ean egin dute bizikletan ibilaldia parkeraino, eta 12:00etan elkartu dira ate nagusian. Erromerian abitu dira Gladysen omenezko oroitarria dagoen lekura eta bertan egin dute ekitaldia: jendea mordoaz inguratuta, aurreskua, loreak, kantak, musika eta bizikleten martxa presente egon dira ekitaldian. Kuadrillakoek gogoratu dute umore berezia zuen lagun kementsu hura.
Ekainaren 3an, asteartean, 45 urte betetiko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys ekologista militantea tiro bat buruan jota hil zuenetik, Tuteran (Nafarroa) antolatu zuten energia nuklearraren eta Bardeetako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio batean.
Halaber, gogora ekarri dute, baita ere, haren hilketa “erabat zigorrik gabe geratu zela eta bere protestak aktualitate kontua direla”. Antolatzaileek nabarmendu dute Del Estal Tuterako protestetara eraman zuten arrazoiak egun ere indarrean daudela: eguzkia, ura eta askatasuna. Horrela adierazi dute bere lagun eta senideek: “Guk Gladys gogoratzen dugu, eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako”.