Hirugarrena ere
Bera Berak liga irabazi du, finalean Elx mendean hartuta. Denboraldiko hirugarren titulua da Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi ondoren.
Zenbakiak borobildu ditu Bera Berak. Donostiako eskubaloi taldeak bere historiako bederatzigarren liga irabazi zuen atzo, Elx arerio gogorraren pistan. Hortaz, Espainiako Kopa eta Superkopa ez ezik, Ohorezko Mailako liga ere irabazi dute aurten. Denboraldi berean hiru tituluak irabazten dituzten laugarren aldia da (2012-2013, 2013-2014, 2016-2017 eta 2023-2024).
Donostian jokatu zen finaleko lehen partidan, lau goleko aldearekin irabazi zuen Bera Berak (30-26). Beraz, etxeko lanak egindako joan ziren Elxera. Ordea, finaleko bigarren partida ez zen batere erraza izan donostiarrentzat, eta bigarren zatian egindako lan onari esker lortu zuten saria. Izan ere, Elx markagailuan 17-11 zen aurretik bigarren zatiaren hasieran, baina donostiarrek markagailuan hurbiltzea lortu zuten, azken unean berdinketa ziurtatzeko (27-27). Tchaptcheten zazpi golak erabakigarriak izan ziren.
Donostiako Udalak harrera egingo dio Bera Berari datozen egunetan.