Udako Campus Teknologikoa antolatu dute hamargarrenez trantsizio digitala lantzeko
Hamargarren edizioa antolatu dute, tailerren bitartez, "haur eta nerabeen artean ezagutza eta burujabetza digitala sustatzeko" asmoz.
Hamargarrenez antolatu dute trantsizio digitala lantzeko Udako Campus Teknologikoa, eta 5-16 urte bitarteko haurrek eta nerabeek tailerretan parte hartu ahal izateko izen ematea zabalik dute. Jardunaldien egitasmoa “ezagutza eta burujabetza digitala sustatzea” da, eta ondorioz ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egiteko tresnen ezagutza izatea.
Ekainaren 24tik uztailaren 12ra arte antolatu dituzte jarduerak eta hainbat gai jorratuko dituzte tailerren bitartez: bideo jokoan, minecraft, scratch, robotika, webguneak, 3D inprimagailuak, arduino, unity eta python, besteak beste. “Programatzen eta interneten erabilera arduratsua izaten ikasiko dute, zibersegurtsuna izanik eraldaketa digitalaren zutabe funtsezkoa”, azaldu dute udako oporraldi hauen antolatzaileek.
Kultura digitala proiektuaren baitan antolatu dute hamargarren edizio hau, 2013. urtean sortu zutena. Berrikuntza pedagogikoan jauzi bat ematea zen orduan —eta egun— xedea. Horregatik, “gaztetxoen alfabetizazio digitala garatzeko eta teknologia digitalerako talentua sustatzeko asmoz”, aurtengo Udako Campuseko proiektu digitalen gai nagusia jasangarritasuna izango da, “klima aldaketa baita egungo gizarteak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat eta, horretarako, ezinbestekoa da adin goiztiarretan teknologia garbiekiko interesa eta bokazioak sortu eta sustatzea”.
Halaber, natura eta kirola sustatzeko, Campusean bazkaltzen geratzen direnek arratsaldean Ondarretako hondartzan uretako jarduera dibertigarriak —sup, kayak eta Snorkel, besteak beste—egiteko aukera izango dute, adinaren arabera sailkatutako taldeetan, Real Club de Tenis-eko monitoreen eskutik. Informazioa guztia Kode Eskolaren webgunean.