'El Diario Vasco' egunkariko langileek hiru eguneko greba egingo dute ekainean
El Diario Vasco egunkariko langileek asteleheneroko mobilizazioekin jarraitzen dute —”astelehen beltzak” deitzen dituzte—, eta enpresa batzordeak greba deialdia egin du hilaren 19, 20 eta 21erako, “Langileontzako hitzarmen duin bat lortzeko negoziazioetan aurrerapausoen falta dela eta”. Enpresa batzordean gehiengo osoa duen ELA sindikatuak azaldu duenez, langileen batzarrean, 55 aldeko boto, kontrako zazpi eta bi boto zuri izan zituen greba deialdiak.
Halaber, maiatzaren 30etik, sinadura greba egiten ari dira, alegia, mobilizazioekin eta grebarekin bat egiten duten langileak ez dira euren edukiak sinatzen ari. Ordea, enpresa batzordeak salatu duenez, “hori ezkutatzeko edo ikusgarritasuna txikiagotzeko, enpresak lehentasuna ematen dio Colpisaren, korrespontsalen eta lantaldean ez dauden langileen sinadura duten informazioei, kazetaritza irizpidearen aldean”.
Bestalde, grebaren aurretik, hilaren 13an, elkarretaratzea egingo dute langileek egunkariaren egoitzaren atarian, administrazio kontseilua egun horretan bilduko baita. ELAk nabarmendu duenez, “Elkarretaratze horrek segida emango dio astelehenero egiten ari diren #astelehenbeltzak egitasmoari, hau da, beltzez janzten dira langileak protesta gisa”. Apirilean hasi ziren egitasmo horrekin: astelehenero beltzez jantzita doaz lanera, eta egoitzaren aurrean elkarretaratzen dira.
Hitzarmena
2023ko abenduaren 31n iraungi zen Vocentoko hedabideko langileen hitzarmena, eta ELAk honako eskariak aurkeztu dizkio enpresaren zuzendaritzari: “Soldatak KPIaren arabera eguneratzea, soldata eskala bikoitzak kentzea eta lanaldi murrizketa”.
“Hamabi urteotan taula altuetan soldatak izozteko joerarekin amaitu nahi da, eta taula baxuenek erosteko ahalmena galdu dutenez, egoera hori irauli. Sociedad Vascongada de Publicaciones elkarteak (El Diario Vasco-ren jabeak) urtero milioi askoko irabaziak pilatu baititu eta akziodunei dibidendu oso handiak banatu baititu”, gehitu du sindikatuak.