Elkarrekin Donostiak Isuri Gutxiko Eremua Grosera eta Urumeara zabaltzea proposatu du
Elkarrekin Donostiak Isuri Gutxiko Eremua Grosera eta Urumeara zabaltzea proposatu du, ohar baten bitartez. Helburua da “garraio publikoa eta bizikleten erabilera indartzea, eta CERO eta ECO bereizgarria duten ibilgailuei bakarrik sartzeko aukera ematea”.
Victor Lasa Elkarrekin Donostiako bozeramaileak azaldu duenez, IGEaren etorrerak mugikortasunaren “benetako aldaketa ekarri beharko luke, xedea airearen kalitatea hobetzea eta klima aldaketa arintzea” delako. Hala, Bozeramaileak nabarmendu egin du Udal Gobernuaren egungo proposamenak “berandu” iritsi direla eta “eragin gutxiko proposamenak” direla.
Horregatik, Lasak aurkeztutakoak “egungoaren mugetatik haratago zabaltzea” dela adierazi du, “hiri osora iristeko helburuarekin”. Aurkeztu dituen aldaketak hauek dira: IGE Gros auzoaren eta Urumearen bi ertzak Mundaiz zubitik zabaltzea, CERO edo ECO bereizgarririk ez duten ibilgailuei sarrera debekatzea, eta bigarren fasea hasi eta 18 hilabetera ezartzea.
Bozeramaileak gaineratu du Kalapie elkarteak alegazioa aurkeztu zuela eta hortik datorrela Elkarrekin Donostia alderdiaren proposamena: “Gros hasieratik sartu behar da, erdigunetik gertu dagoelako eta gainkargatzeko arriskuan dagoelako”. Gainera, azaldu du “arrisku handia” dagoela Marrutxipiko autobidetik egingo den sarrera berriak etorkizunean izango duen eraginarekin.
Elkarrekin Donostiak lehentasuna eman nahi izan die eskola eremuei eta osasun zentroei, eta azpimarratu du “garrantzitsua dela garraio publikoa eta bizikleten erabilgarritasuna indartzea”.