Gazteentzako 'MartxUp! programak', proiektuak aurkezteko epea ireki du, zortzigarrenez
Gazteentzako MartxUp! 2024 programak, proiektuak aurkezteko epea ireki du, uztailaren 12ra arte. Donostia Gazteriak MIK kooperatiba elkartearen —Mondragonen Enpresa Kudeaketa, Berrikuntza eta Ekintzailetza Ikertzeko Zentroa— laguntzarekin antolatu du zortzigarren deialdia. Ekimenaren helburua da 18 eta 30 urte bitarteko gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian “era aktiboan” ekitera bultzatzea, horretarako “formazioa eta bide laguntza” eskainiz.
Parte hartzeko eskaera webgunean aurkeztu behar da, banaka zein taldeka, baina antolatzaileek ohar baten bitartez azaldu dutenez, “proiektuak hautatuak izanez gero, bi eta lau pertsona arteko taldetan landu beharko dira”. Halaber, parte hartzeko taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan behar duela nabarmendu dute.
Jarduera eremua askea izango dela jakinarazi dute, baina “proiektuak ezin dira baztertzaileak eta diskriminatzaileak” izan. Hala, bideragarritasuna, originaltasuna, berrikuntza eta zehaztapen maila kontuan hartuko ditu epaimahaiak.