Haurrentzako 'Kilimak' koaderno jostagarriak argitaratu dituzte udako oporraldiaren atarian
Donostiako Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak 'Kilimak' koaderno jostagarriak argitaratu ditu, "euskaraz eta euskaratik sortuak, oporretan jolas egin eta ondo pasatzeko".
6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zuzendutako Kilimak koaderno jostagarriak argitaratu ditu Donostiako Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak. “Euskaraz eta euskaratik sortuak, oporretan jolas egin eta ondo pasatzeko” direla nabarmendu dute ohar baten bitartez. Marrazkiak Gorka Aranburu eta Higinia Garay ilustratzaileenak dira.
Lehenengo bi zenbakiak jada kalean dira: Kilimak 1 (6-7 urte) eta Kilimak 2 (7-8 urte). Proiektuaren xedea “ikasturtean zehar landutako gaietan sakontzea da, modu erakargarri eta jostarian, jakingura kilikatuz eta irudimena landuz”.
Halaber, haurrek euskal mitologiara gerturatzeko aukera izango dutela azaldu dute, eta Gure Zirkuko lagunekin jolas egingo dute eta Euskal Herriko bazterrak ezagutuko dituzte, besteak beste. Horretarako, atal bakoitzaren hasieran misterio bat aurkeztuko zaio haurrari, eta hurrengo orrialdeetan erronkak gainditu beharko ditu, pistak jarraitu. Gainera, argitaletxeak jakinarazi duenez, QR kodeen bidez ikus entzunezko baliabideekin gozatzeko aukera izango dute, abestiak, jolasak eta eskulanekin.