GKSk kanpaldi bat hasi du Artzain Onaren plazan, palestinar herriari elkartasuna adierazteko
Agerraldia egingo dute eguerdian, kanpaldiari buruzko azalpen gehiago emateko.

Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistak kanpaldi bati ekin dio Artzain Onaren katedralaren aurrean palestinar herriari elkartasuna adierazi eta genozidio sionista salatzeko. Munduko milaka ikasle eta gaztek unibertsitatean egin duten moduan, erakundeen ardura seinalatzea eta Israelgo estatuarekin duten harreman oro eteteko exijitzea dute xede: “Mendebaldeko gobernu eta enpresei entitate sionistarekin dituzten harremanak eteteko exijitzen diegu, aurpegi zuriketa guztiak alde batera utzita”, azaldu dute kideek sare sozialetan zabaldutako bideo batean.
Ohar bidez jakinarazi dutenez, halaber, “Europar Batasunak, NATOren aginduei jarraituz, palestinar herriaren sarraskian duen konplizitatea” seinalatzeko antolatu dute kanpaldia, Euskal Herrian antolatzen ari diren hamaika mobilizazioei gehitzeko asmotan.
Kideen arabera, herritarren mobilizazioak ugarituz lor daitezke soilik erakundeen eta enpresen harremanak etetea. Gauzak horrela, Israelgo genozidioaren aurka dagoen pertsona orori kanpaldira batzeko deia zabaldu diote: “Hainbat fronteetatik presioa eginez soilik lortuko dugu Israelen aurkako neurriak hartzea. Horren adibideak dira Europar Batasunaren eta NATOren aurkako mobilizazioak”.
Koordinakundeko gazteek protesta ekintzak Erdialdetik harago eraman dituzte, eta azken orduotan Nato – Israel Genozidak aldarria idatzi dute kaian.