Bi partida sasoi gazi-gozoa ixteko
Realari azken bi jardunaldiak falta zaizkio ligari bukaera emateko. Lehenik, Madrilen aurka ariko dira etzi, 12:00etan.
Ezin esan denboraldia txarra izan denik. Ezta ona ere, nahiz eta Espainiako Kopako finala jokatu. Realeko neskak sentsazio gazi-gozoarekin daude ligako ibilbidea ez delako esperotakoa izan, eta kopako kolpea nahiko gogorra izan zelako —Bartzelonak zortzi gol egin zizkion—. Horrela ere, bi partida dituzte aipaturiko sentsazioa hobetzeko. Etzi, Madrilen aurka ariko dira arerioen etxean, 12:00etan. Ligako azkena, berriz, Zubietan jokatuko dute, hilaren 15ean, Levante Las Planasen kontra (12:00).
Natalia Arroyoren azken bi neurketak izango dira, txuri-urdinen entrenatzailea izateari utziko diolako. Haren ordezkoaren izena dagoeneko aurreratu dute hainbat hedabidek, baina Realak ez du ezer baieztatu. Bestelako zurrumurruak ere agertu dira. Batez ere, taldea utziko duten jokalari batzuen izenak aipatu dituzte. Datozen astetan argituko da egungo jokalari askoren etorkizuna.