San Bartolomeren magala hiri parke bat bihurtzea proposatu du Odon Elorzak
Merkataritza zentroaren proiektua "behin-betiko" baztertzeko eskatu dio alkate ohiak egungo udal gobernuari.
San Bartolome birsortzeko asmoa aspaldikoa da, eta betidanik izan da polemikoa. Hiru udal gobernu eta alkate desberdinek izan dute eskuartean. Odon Elorza sozialistak proposatu zuen, eta haren udal gobernuak 2005eko azaroan eman zion hasierako onarpena. Oztopoak oztopo, 2010ean hasi ziren San Bartolome birgaitzeko lanak aurreikuspen honekin: 532 etxe berri eraikitzea eta 1.000 garaje plaza inguru. Ordutik, aldaketa ugari izan ditu hirigintza planak, Bilduren eta egungo udal gobernuaren eskuetatik pasatu ondoren. Esaterako, San Bartolomeko muinoaren magalean merkataritza zentro bat jartzeko asmoa EAJren eta PSE-EEren udal gobernuarena da.
Elorza alkate ohia erabaki horren kontra agertu da lehen momentutik: “2023ko martxoaren 24an, Donostiako Udalari eskatu nion berriz azter zezala San Bartolomeko espazio libre bakarra suntsitzeko erabakia, 2010ean, alkatetzan nengoela, Amara eta Aldapeta berritzeko onartu genuen Plan Orokorrean berdegune eta jabari publiko gisa sailkatu zena”.
Muinoaren magala hiriko “kultura ondarearen zati bat” dela dio Elorzak, eta babestu egin behar dela. “Horregatik proposatu diot Goia alkateari hiriaren historian gertakari garrantzitsuen lekuko izan den lekuari balioa emango dion parke baten alternatiba. Lorezaintza eta paisaia proiektu on bat nahikoa da bikaintasunezko hiri parke batez gozatzeko”, nabarmendu du alkate ohiak.
Gaineratu duenez, San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Bereziak “ez du errespetatzen” komentuaren fatxada, hegala eta horma irudikatzen dituzten balioak babesteko araubidea, “auzitegien 2001 eta 2004ko epaien bidez emandakoa”. Ondarearen udal katalogoak berak ezartzen duena gogorarazi du Elorzak: “Mendi magala berdegune eta lorategidun gune gisa mantendu behar da, eta Zabalgune Erromantikoan integratzeko, ez zen urbanizazio elementurik ez nortasuna nahasten zuen eraikuntzarik behar. Merkataritza zentroak ez du hori guztia errespetatzen”.
Alkate ohiak bere webgunean eman ditu proposamenaren inguruko xehetasun gehiago.