Azken eguzki printzak dakartza Olatz Salvadorren hirugarren aurrerapenak
Uda iritsi aurretik plazaratu du hirugarren aurrerapen singlea Olatz Salvador musikari donostiarrak. Diskoa irailean argitaratuko du, baina hiru kanten bidez datorrena nolakoa izango den erakutsi nahi izan du; doinuekin eta irudiekin. Azken eguzki printzak da single berriena, eta Mattin Saldiasek onduriko bideokliparekin aurkeztu du.
“Abesti hau, funtsean, hedonismorako dei bat da. Udako iluntze luze batean, beste guztiaz ahaztu eta elkar gozatzeko proposamena”, adierazi du Balaunka zigiluak.
Diskoa Gironako Olivera estudioetan ekoiztu, grabatu eta nahastu du artista donostiarrak. Aurreratu dituen beste bi abestiak jarraian entzun ditzakezue bakoitzari dagokion bideokliparekin:
Olatz Salvador – Gerorik balego
Olatz Salvador – Basan
Bestalde, hilaren 20an Miramar Gauak jaialdian parte hartuko du Salvadorrek haren bandarekin batera. Uztailean, berriz, oraindik iragarri ez duen, baina ilusio handiz emango duen kontzertu bat eskainiko du.