Udan, 216 aparkaleku gehiago izango dira bizikleta uzteko
Donostiako Udalak, azken urteotan bezala, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko ditu udan, hondartzetatik eta igerilekuetatik gertu. Zehazki, 216 aparkaleku gehituko ditu aldi baterako, Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hareatzeetatik eta Paco Yoldi kiroldegiko igerilekutik gertu.
Udalak jakinarazi duenez, uda sasoian erabilera gehien duten eremuak indartu ditu, bizikletak egokituta dauden guneetan aparkatu ez ditzaten, soilik: “Mugikortasun aktiboaren aldeko apustua egiten dugu, oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioak irabazten jarraitzearen alde, eta, horrelako neurriekin, horien erabilera sustatzen jarraitu nahi dugu” nabarmendu du Olatz Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotziak. Era berean, “arduraz jokatzeko” deia luzatu du “gune publikoaren erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia bermatzeko”. Gogora ekarri dute, bestalde, debekatuta dagoela barandetan, zuhaitzetan edo bestelako hiri altzarietan aparkatzea.
Aldi baterako aparkaleku hauek gure hirian dauden ia 8.300 plaza iraunkorrei gehitzen zaizkie eta aste honetan zehar jarriko dira, hiriko bost gunean: Kursaaleko kubo txikiaren ondoan ( 6 aparkaleku / 54 plaza), Jesus Mª Leizaola pasealekua , kaiaren muturrean (6 aparkaleku / 54 plaza), Kontxa pasealekuan (3 aparkaleku / 27 plaza) Antiguako tunelaren ondoan (3 aparkaleku / 27 plaza) eta Paco Yoldi kiroldegiaren ondoan (3 aparkaleku / 27 plaza).