'Hemingway & Euskal Herria' erakusketa inauguratuko dute Aiete Kultur Etxean
Hemingway & Euskal Herria erakusketa inauguratuko dute Aiete Kultur Etxean, ostegunean, 16:00etan. Irailaren 15era arte egongo da Ernest Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarrak Euskal Herriarekin izan zuen lotura jorratzen duen erakusketa ikusgai.
Erakusketa honek Hemingway idazlearen eta euskal kulturaren arteko berrogei urteko harremana islatzen du, eta bertako jendearekin izandako harremanaren lekuko diren “objektuak, argazkiak, ikus entzunezkoak eta idatziak” aurki daitezke.
Erakusketa Iñaki Sagarnak Donostia Kulturari proposatu egin dio, uztailaren 14tik 20ra Donostian eta Bilbon egingo den bi urtez behingo XX. Nazioarteko Hemingway kongresua dela eta. Erakusketa Gernikako Euskal Herria Museoak eta Donostia Kulturak antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Kursaalean egingo dute kongresua, uztailaren 14tik 16ra, eta egun hauetan Aieteko erakusketak ordutegia luzatuko du, 10:00etatik 18:00ra bitarteko ordutegiarekin. Hala, erakusketaren udarako ordutegia Donostia Kulturaren webgunean ikusgai dago.