Loiolako Erriberan 80 apartamentu eraikitzeko plan berezia onartu du udalak
Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Loiolako Erriberako g.000.7 lursailaren plan bereziari. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak idatzi du, eta auzoan 80 zuzkidura bizitoki eraikitzea aurreikusten du.
Eraikin berriek apartamentuak hartuko dituzte pertsona kalteberentzat edo etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola gazteentzat edo adinekoentzat. Izan ere, Etxebidek 2023ko bigarren hiruhilekoan emandako datuen arabera, Donostian 8.839 pertsonek eskatu dute alokairuko etxebizitza bat.
Horrela, plan berezi honen helburua da etxebizitza premia horri 1.618 metro koadroko lursail publiko batekin erantzutea. Udalaren arabera, lursail horrek zenbait baldintza betetzen ditu: Irisgarritasun handia dauka eta hirigintza oztoporik ez ditu; garraio publikoko ibilbide aktiboetatik gertu dago; Ekipamendu komunitarioak eta lurzati libreak dituen hirigintza-eremu batean kokatua dago, etorkizunean tokiko sistemen sarea handitzeko aukera ematen; eta urbanizazioa erabat bukatuta dago.
“Jarduera honek aukera emango du hiriko zuzkidura bizitokien kopurua handitzeko, zailtasun gehien dituzten kolektiboei etxebizitza eskuratzea erraztuko dieten proiektuak garatzen jarraitzeko konpromisoa mantenduz”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Hamahiru solairu
Plan bereziak gehienez ere hamahiru solairu aurreikusten ditu sestra gainean, beheko solairua barne. Eraikuntzaren altuera 41 metrokoa izango da, eta haren gainetik instalazio eta komunikazio bertikaletako elementuak eta horiek estaltzeko eta akustikoki babesteko arkitektura elementu arinak atera ahal izango dira.
Gainera, sestra azpiko lau solairu aurreikusten dira gehienez ere, ekipamendu komunitarioetarako. Kasu honetan ere, gehienez lau solairu ezarri dira sestra azpian.