36. Bideoaldian zazpi lan proiektatuko dituzte
Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxeak antolaturiko emanaldia Antzoki Zaharrean izango da, hilaren 21ean.
2023-2024 ikasturtea berezia izan da Intxaurrondoko Larrotxene Bideon. Azken urtean egindako berrikuntza lan handiek sorkuntza proiektuak piztu dituzte: laborategia, soinu eta irudi edizio gela berritua, formaziorako aretoa, eta abar. Ondorioz, ikastaro kopuruak gora egin du aurten, baita material lagapen zerbitzuak ere. Ekipamendu eta instalazio egokitu eta berrituek, ohiko jarduera eta kalitatea handituez ez ezik, proiektu berriak abian jartzeko aukera ezin hobea ere eskaini dute. Horrela, adibidez, kontakizun digitalen laborategiak lantalde berria jarri du abian eta animaziozko film labur baten sorkuntzari ekin zaio.
Orotara lau produkzio oso eta hiru koprodukzio landu dira ikasturte honetan, eta guztiak ezagutzeko aukera emango dute hilaren 21ean. 36. ekitaldia betetzen duen Bideoaldiak Antzoki Zaharrean elkartuko ditu landutako proiektuen lan talde guztiak, lagunak eta, oro har, zinema eta ikus-entzunezkoen jarraitzaileak. Larrotxene Bideoko irakasleek ere ez dute hutsik egingo. Michel Gaztambide, Pablo Malo, Oskar Tejedor eta Ander Sagardoy gisako erreferentziazko zinemagileak izan baitira, azken urte honetan, eskolako irakasle.
Aurtengo uztak eman duena hilaren 21ean erakutsiko dute, urtero antolatzen den Bideoaldiaren baitan. Ekitaldiak ordubete inguruko iraupena izango du, eta koprodukzioen eta ekoizpen propioen artean, zazpi lan ikusi ahal izango dira. Ikastaroetako lau lanak honakoak izango dira: Itziar Egigurenen Sunglasses, Irene Royoren Mi Amigo Julio, Blanca Zaraguetaren eta Josean Gomezen El Sindrome de la Pagina en Blanco, Edgar eta Unax Santos anaien Print. Emanaldia bukatzeko hiru koprodukzio aurkeztuko dituzte: Mikel S. Galarzaren eta Cesare Maglioniren Kononi, Nahia eta Iulen Arana anai-arreben Fuego Fatuo eta Fabian Bojkovskyren Primula.
Bestalde, eta aurtengo ikasturteari behin betiko itxiera emateko, ekainaren 28an, 19:00etan Hitz eta Pitch ekitaldia antolatuko da Intxaurrondoko Kultur etxean. Pitching saio honetan, Larrotxene Bideoko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetzen bila. Parte hartzeko mezu bat idatzi behar da posta elektroniko honetara.
36 urte
Larrotxene Kultur Etxeko bideo espezializazioa duela 36 urte jarri zuten abian. Denbora honetan, 500 produkziotik gora ekoitzi dira eta ehunka lanen koprodukzioetan hartu da parte. Urrun gelditu dira 1990eko hamarkadan lantzen ziren film laburrak, baita hauek lantzeko modu eta bitartekoak ere, nahiz eta horietako askok euskal zinemaren historian bere lekua duten. Esan daiteke Gipuzkoako zinema munduko izen handi askoren harrobia izan dela eskola hau.