Bioeraikuntza gela bat jarri dute lehen aldiz Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan
EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Altuna y Uria enpresak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Bioeraikuntzako lehen gela abian jartzeko. Xabier Ostolaza eskolako zuzendariak eta Laura Gil enpresa horretako Eraikuntzako zuzendariak sinatu dute akordioa.
Bioeraikuntza gela berriaren helburua da Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta praktikak egitea bultzatzea, eraikuntzaren sektorearen beharrizanetara egokitutako talentua sortzeko eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko, unibertsitatearen eta enpresaren arteko prestakuntza barne.
Sinatutako hitzarmenaren esparruan, saioak eta jardunaldiak antolatzea ere aurreikusten dute, baita eraikuntzaren sektoreko gaurkotasuneko gaiei buruzko ikasketa, analisi edo ikerketa lan akademikoak egitea ere, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikasleen parte hartzearekin.
Ostolazak nabarmendu duenez, “iraunkortasunaren erronka hain da erabakigarria obra zibilean eta bizitegi obran, hainbat esparrutatik egin behar diogula aurre, betiere lankidetza izpiritu batetik. Alde horretatik, Unibertsitatea-Bioeraikuntza Enpresa Gelak lankidetza hori indartzen du, eta Eskolak azterlanak eta ikerketak landuko ditu gure irakasleen eta ikasleen parte hartzearekin. Horrek Altuna y Uriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, eta gaitasun handiko talentua erakartzeko gaitasuna bultzatzen du”.
Altuna y Uriako Eraikuntzako zuzendari Laura Gilek adierazi duenez, “Altuna y Urian industria hau eraikuntza arduratsu, berritzaile eta jasangarri baterantz eraldatzeko lanean ari gara. Horretarako, berrikuntza irekiaren aldeko apustua egiten dugu, eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola bezalako erreferentziazko eragileekin lankidetzan aritzea aukera bat da guretzat talentu belaunaldi berriak prestatzeko iraultza betean dagoen eta digitalizazioaren arloan profesionalen ibilbidea bultzatzeko gaitasuna duen sektore batean”.