Donostiako autobus gidari baten jarrera euskarafoboa salatu dute
Donostiako autobus gidari batek maiatzaren 2an, bere hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, erantzun euskarafoboa bota ziola salatu du herritar batek. Gertakari horren berri Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eman du. ARGIAk pertsona horrekin hitz egin du, zer gertatu zen jakiteko.
Maiatzaren 2an gertatu zen, 18:25ean Donostian. Familia bat, bi ume txikirekin, 26 zenbakiko autobusa hartzeko zain zegoen Urbieta kalean. Egun euritsua zen, eta haurrak aulki banatan zeuzkatenez autobusa heldu zenean, atea irekitzeko eskatu zion I. Y.-k gidariari. Lehen aldiz euskaraz eskatu zion kontatu duenez (“Kaixo, barkatu, atzeko atea ireki dezakezu, mesedez?). Lehen aldi horretan gidariak keinu egin zion ez ziola entzun eta irratiaren bolumena jaitsi zuen. Bigarren aldiz euskaraz esan zion: “Atzeko atea ireki dezakezu, mesedez?”. Gidariaren erantzuna, aurpegi txarrarekin, “no te entiendo” (ez dizut ulertzen) izan zen. Hirugarren aldiz, gaztelaniaz eskatu behar izan zion eta gidariak “harrokeriaz” erantzun zion: “Ahora sí, habérmelo pedido bien desde el principio” (Orain bai, hasieratik ondo eskatzea besterik ez zenuen).
Berak hasieratik euskaraz eta “errespetuz” eskatu ziola erantzun zion I.Y.-k, eta hizkuntza ulertzeko arazoa izateak ez ziola arrazoirik ematen berari horrela hitz egiteko. “Gidariak harro jarraitu zuen berean”, salatu du. Orduan, autobusera igo zen eta I.Y.-k oroitzen du “oso oso haserre” jaitsi zela autobusetik.
Hizkuntza Eskubideen Behatokian salaketa jarri zuen. Ez da lehen aldia Donostiako autobus zerbitzuan halako urraketak gertatzen direla, Behatokiaren informazioaren arabera.
Erreportaje hau Argia-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.