Guztiontzako Egiak munduko jolasak antolatu ditu, jatorri desberdinetako herritarren elkar ezagutza sustatzeko
Indiako, Nikaraguako, Aljeriako, Senegalgo eta Euskal Herriko jolasak egingo dituzte gaur Egiako Blas de Otero plazan. Guztiontzako Egia auzotar sareak Munduko Jolasak antolatu ditu, jatorri desberdina duten herritarren artean elkar ezagutzeko espazio bat sortzeko.
Joan den urtarrilean aurkeztu zenetik, hainbat izan dira kolektiboak Egian antolatu dituen jarduerak, auzoan sumatu duten “jarrera arrazisten igoerarekin” kezkatuta. Horregatik antolatu dute, hain zuzen, ostegun honetan jarduera ludiko hau: “Elkar ez ezagutzean bestearenganako beldurrak garatu ohi ditugu gizakiok, are gehiago beste horrek kultura, jatorri, etnia, erlijio edo hizkuntza desberdinak dituenean. Guztiontzako Egia auzotar saretik ez ezagutza horiek apurtu nahi ditugu auzoan”.
Bereziki helduei zuzendutako jarduera dela zehaztu dute saretik, edonola ere, haurrek eta adin guztietako pertsonek parte hartzea nahiko lukete. Jarduera gaur izango da, 18:30ean Blas de Otero plazan.