Lime Summer musika urbanoaren jaialdia egingo dute Illunben aurrenekoz
Cano, Nona Sobo eta Khaled artistek hartuko dute parte, besteak beste, uztailaren 13an egingo den Lime Summer musika jaialdian. Hip hop, rap, trap, reggaetona eta fusio musika uztartzeaz gain, Bresh izeneko jaia ere izango dutela iragarri dute antolatzaileek, euren kartelean
Aritz Prades antolatzaileak ohar batean azaldu duenez, Lime Summer jaialdia Illunben izango da, eta ia hamar orduz, musika, janari furgonetak, barrak, cashless edo eskudirurik gabeko eskumuturrekoak eta animazioa eskainiko dute. Gainera, zuzeneko autobusen zerbitzua eskainiko dute Donostiako erdigunetik, Gasteiztik eta Bilbotik Illunbera erraz lekualdatu ahal izateko.
Pradesek azaldu duenez, jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da eta goizeko hirurak arte iraungo du. Hamar ordu horietan Illunbeko oholtzatik igaroko dira Cano, Daviles de Novelda, Khaled, Zaira DLM eta Nona Sobo aktore eta abeslariak.