Louice Halvarsson Ibaeta Basketen arituko da hurrengo denboraldian
Louice Halvarsson 34 urteko eta 1,91 metroko altuerako pibot suediarra fitxatu du Ibaeta Basketek, 2024-2025eko denboraldirako. Esperientzia handiko jokalaria da, eta Suediako selekzioarekin jokatu ohi du. Ibaeta Basketek azaldu duenez, “momentuz” hau izango da azken fitxaketa.
Suediako Telge Energi taldean abiatu zuen bere kirol ibilbide profesionala, 2005etik 2009ra. Ondoren, 2010etik 2013ra, Poloniako, Txekiako Errepublikako eta Italiako ligetan jokatu zuen, 2013-2014ko denboraldian Telgera itzuli eta Euroliga jokatzeko. Denboraldi hori Rivas talde espainiarrean bukatu zuen, eta 2015-2016ko denboraldian Hungariako ligara joan zen. Suediara itzuli zen hurrengo denboraldian, eta han hiru urte pasatu ostean, 2020an, Frantziako Ligako Tarbes taldera joan zen, baita Suediarekin Olinpiar Jokoak jokatu ere.
Azken bi denboraldietan Sodertalje suediarrean jokatu du, honako zenbakiak eginez, batez beste, partida bakoitzeko: 15,4 puntu, 5,5 errebote eta 1,7 asistentzia. Azken denboraldian, Bernat Canut entrenatzailearen gidaritzapean, liga eta kopa irabazi ditu.