Mohammed El-Kurd poeta palestinarra euskarara ekarri du Eider Beobidek
“Politikoa ez den / poesia bat idazteko / txoriei entzun behar diet. / Baina txoriei entzuteko / bonbardaketak amaitu behar dira”. Marwan Makhoul poeta palestinarrak 1979an idatziriko poema honek, oihartzun handia egiten du, gaur egungo Palestinan. Mohammed el-Kurd poetak ere, “ezinezkoa du politikari ihes egitea”, kolonizazio prozesu bete-betean bizi izan delako.
Eider Beobide Urkizar itzultzaileak (Egia, 2000) ekarri du euskarara El-Kurden lehen poema liburua: Rifqa (Katakrak, 2024). Ingelesetik euskarara ekarri du liburua, edizio elebidunean. Aipatzekoa da, sona handiko idazlea den arren, italierara soilik itzuli da lehenago liburua. Alegia, euskaraz irakurri ahal izango da frantsesez eta gazteleraz baino lehen.
Al-Nakba egunean jaioa
Sehikh Jarrahn jaio zen El-Kurd, 1998an, Al-Nakba egunean. Kanpoan “gas negar eragileak eta manifestazioen oihuak entzuten ziren bitartean”. 2009an bere familiaren etxean sartu ziren kolonoak eta etxearen erdi lapurtu zieten.
Harrez geroztik, borroka bizian izan da familia, harik eta dena galdu zuten arte. Borroka horren sinbolo bihurtu zen Rifqa, El-Kurden amona, “Israel bera baino zaharragoa” zena. Amonaren borroka, kolonialismoa eta Israelen biolentzia du erdigune poesia liburuak, eta gaiak aktualitate handia duen arren, ez da gaur egungo egoeraz ari: 2021ean argitaratu zen liburua.
El-Kurd AEBetara joan zen bizitzera eta bertan hasi zen idazten. “Kontraesanak sortzen dizkio bere hizkuntza ez den horretan idazteak”, baita Palestinatik kanpo idazteak ere. Zergatik hitz egiten dut Nakbaz festan? poema da horren adierazle, Beobideren arabera. “Galdetzen badidazu nongoa naizen, ez da erantzun erraza izango”, kontatzen du El-Kurdek, eztabaida politikoek sortzen duten deserosotasuna hizpide.
Palestinako poesia
Hedoi Etxarte, Katakrakeko editorearen arabera, tradizio arabiarrean, “poetak talde baten mezulari eta heroia izan dira VI. mendetik XXI.menderaino. Ez da ausazkoa esatea Palestinako poesiaren historia, Palestinako herriaren historia dela”.
“Aurreko belaunaldien eran, gaur egungo garaiei oso sinkronizatutako gai bat da honakoa. Palestinaren kolonizazioaz gain, gainontzeko gai eta borroken parte hartzen dute poesiak direlako”. Honela, Israelen kolonizazio eta garbiketa etnikoaz gain, bestelako gai eta erreferentzia aktual eta unibertsalak ikusten ditugu: genero gaiak, antirrazismoa eta abar.
Poesia bilduma berria inauguratu du Katakrakek El-Kurden eta Juana Doloresen poesia liburuekin, eta aurrerantzean ere, poeta erradikalak euskarara ekartzeko asmoa erakutsi du argitaletxeak. Rifqaren aurkezpenei dagokionean, Kaxildan izango da Eider Beobide datorren astelehenean 19:00etan, eta baita EHZ festibalean ere, Rifqako poemekin ikuskizuna eginez.