Hondartzetan botatzen diren milaka zigarrokinak itsasora doaz
Surfrider erakundearen ‘Colillaton’ kanpainaren barruan, zigarrokinen bilketak egin zituzten maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean Zurriolako eta Kontxako hondartzetan. 6.000 baino gehiago jaso zituzten.
Maiatzaren 31 Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna da, eta, normalean, ingurumena babesteko aldarriak egin ohi dituzte eragile eta talde ekologistek. Esaterako, Surfrider gobernuz kanpoko erakundeak Colillaton kanpaina abiatu zuen duela urte batzuk lurrera botatzen diren zigarrokinak jasotzeko. Izan ere, urtero 4.500 milioi zigarrokin inguru botatzen dira lurrera mundu osoan. Erakundearen datuen arabera, hondakin horien %40 itsasora doa, eta itsasoko bizitza nabarmen kaltetzen du.
Colillaton kanpaina Donostiara ekarri zuen Surfrider erakundeak. Maiatzaren 31n, 3.300 zigarrokin jaso zituzten Zurriolako hondartzan. 50 boluntarioren baino gehiagoren laguntza izan zuten. Ekainaren 1ean, berriz, 2.700 zigarrokin bildu zituzten, ordubetean, Kontxako hondartzan. Orotara, bi egunetan 6.000 zigarrokin inguru jaso zituzten hiriko bi hondartza horietan. Kopuru esanguratsua dela adierazi du erakundeak.
Hori dela eta, hondartzak kerik gabeko eremuak izatea eskatu du Surfriderrek, beste behin ere. «Erakunde publikoen esku dago hondartzak kerik gabeko gune izendatzea. Era berean, tabakoa ekoizten duten enpresak arduratu behar dira sortzen dituzten hondakinen inpaktuaz, bizitza ziklo osoan. Hori lortzeko jendearen babesa izatea garrantzitsua da», azaldu du Xavi Curtos Surfriderreko koordinatzaileak.
Hain zuzen ere, 2022tik aurrera, udalek hondartzetan erretzea debekatu dezakete, baina, gaur egun, gutxiengoa dira hori egiten dutenak. Donostiako Udalak ere ez du debekurik ezarri hiriko hondartzetan, nahiz eta zigarrokinak zaborrontzietara botatzeko eskatzen dien herritarrei.
1.000 litro ur
Zigarrokinak dira Euskal Herriko kostaldean eta hondartzetan gehien aurkitzen diren hondakinak. Surfriderren arabera, zigarrokin baten nikotina 24 ordutan barreiatu daiteke eta 1.000 litro ur kutsatu ditzake. «Zigarrokinak bonba ekotoxikoak dira. Eskala handiko kutsadura horrek ondorioak ditu itsas bizitzan. Zifra horiek oso kezkagarriak dira, hondakin mota hori oso kutsagarria baita», salatu du erakundeak.
Zigarrokinek bi eragin negatibo dituztela nabarmendu dute: «Alde batetik, iragazkiak zelulosa azetatoz osatuta daude. Ozeanora iristen direnean, tamaina oso txikian degradatzen dira plastikozko partikulak, eta ezin dira bildu. Bestetik, zigarroa kontsumitu ondoren, iragazkiak 7.000 substantzia toxiko baino gehiago askatzen ditu; hala nola, artsenikoa, merkurioa, amoniakoa, beruna eta nikotina. Zigarrokinek eragin zuzena dute itsas ekosistemetan. Kalte egiten diete faunari eta florari, eta itsas ekosistemak pozoitzen dituzte. Kutsatzaile horiek itsas landareen hazkundea eragotzi dezakete. Gainera, askatzen dituzten toxinek nabarmen igotzen dute arrainen eta itsas hegaztien heriotza tasa».