La Txamak preso eta iheslariei eskainitako kanta sentikorra argitaratu du Txiltxokorekin
Musika mexikarra ardatz, Donostialdeko talde bihurri eta zirikatzaileenaren saria erraz irabazi du La Txamak. Oraingo honetan, Txiltxoko oiartzuarrekin egin dute kolaborazioa, orain arteko kanturik politikoena plazaratuz.
Euskal gatazkan izandako errepresioa “azkar ahaztu” delakoan, borrokan aritu ziren horiei eskaini diete kanta, Xabier Silveirak erabilitako bertso zati batzuekin –besteak, akaso zuzenekoetarako utziz–: “Txapela eskaini nahi diet horiei, gure herri hau maite dutenez, bizitza ematen dutenei, preso eta errefuxiatuei, preso eta errefuxiatuei”. Silveiraren letraz gain, Sarrionandiaren aipu bat ere badu kantak.
Garai batean izandako iruditeria erabat aldatuta, aurretik egindako borrokaren aitortza da honakoa: “Kartzelan denbora gehiegi, zuk euskaraz hitz egiteko”. Eta halako oinordekotza baten aitortza ere: “Purogudari, nahiz eta itxuraz igual harritu batzuei”.
Gauzak aldatzen doaz, bai, eta musika mexikarraren eta euskal tradizioaren batura da horren adierazle berria. Nafar lurretan aski ezaguna den arren, Gipuzkoa hartu baitu dagoeneko, eta ziur, uda ostean, jai guztietan ezinbesteko soinu banda bihurtuko direla.